argia.eus
INPRIMATU
Aterpetxe gehiago eta hesi gutxiago Atxurin

Atxurigorri auzo elkartea Atxuri Harrera-OEE 2022ko urtarrilaren 05

Dozenaka gazte ipar afrikarrek zortzi hilabete daramatzate Atxuriko kantxetan lo egiten. Udalak aterpea lortzeko egin duen lan gutxiaren aurrean, auzo honetako auzokide konprometituok duintasun apur bat gehiago eskaini diegu. Bidegabekeriaren aurrean, Atxuritarroi elkarri laguntzea baino ez zaigu geratzen.

Urtarrilaren 3an, Bilbon etxerik gabeko emakume bat hil eta ordu gutxira, Udalak kantxak hesitu ditu, pertsona horiek bertan gaua igaro ez dezaten. Inork ez du nahi gazte hauek kantxetan lo egin behar izatea. Auzo eta harrera elkarteak hilabeteak daramatzagu bizitegi-irtenbide bat eskatzen. Hesiak jartzea ez da irtenbidea.

"Urtarrilaren 3an, Bilbon etxerik gabeko emakume bat hil eta ordu gutxira, Udalak kantxak hesitu ditu, pertsona horiek bertan gaua igaro ez dezaten"

Atxuri Harrera elkartetik eta Atxurigorri auzo elkartetik, erabaki horren atzean dagoen arrazakeria sozial eta instituzionala salatu nahi dugu. Gure bilera-eskakizunak ez dira erantzunak izan. Gure ustez, udaletxeak ezjakintasunetik, gorrototik eta beldurretik begiratzen duen pertsona talde baten iritzietatik gidatu da.

Onartezina izan da inplikatutako zinegotziek Barruti Kontseilua bere alde erabili duten modua, eta auzokoak ez diren elkarteek itxieraren alde bozkatzea lortu dute. Atxuritar gehienok erabaki horren aurka gaude.

Udalak, herritarren eskaera solidarioei entzungor egiteaz gain, Arartekoaren 2/2020 gomendioari ere entzungor egin dio, pertsona horiei arreta ematen jarraitzeko eta Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia betetzeko eskakizunari muzin eginez. Gainera, hesi arrazista lotsagarri horiek, hain harro defendatzen dituen Bilboko Balioen Gutunaren eta Itun Sozialen konpromisoen aurkakoak dira. Espero dugu hesiak kenduko dituztela eta administrazioek legearen araberako etxebizitza aukera duinak eskainiko dizkietela pertsona horiei.