argia.eus
INPRIMATU
Aterpe bat Kluj-Napokan
  • Napoka Iriak azken kontzertua eman zuen duela astebete Eibarren. Askok zirraraz bizi izan zuten momentua. Han egon ezin izan zirenek, akaso zirrara horren zati bat aurkituko dute Danele Sarriugarteren testu honetan.

Danele Sarriugarte Mochales 2017ko uztailaren 14a

Atea zeharkatu nuen

Eleberriek etxe behar omen lukete, nahi adina bueltatzeko haietara eta noiznahi zoko-miratzeko inoiz goxatu zintuzten supazterrak. Napoka Iriaren agur kontzertua horixe izan zen: gordeleku. Barruan hartu gintuen, osorik bildu, katigatu. Kanpoan ziharduena ahaztu genuen bi orduz, eta kontzertuan jarri ginen bizitzen, Napokak sortutako errealitate horretan.

Mirenek eta Anderrek ez zuten bla-bla-bla jarduteko joerarik zuzenekoetan. Garai batean, bestebatak ere moztu ohi zituzten errotik: kontzertua bukatzear zela iragartzen zuten, eta segidan botatzen bisak, koplarik gabe. Agur kontzertuan, berriz, berba gehixeago egin zuten, eta, amaieran, oihuka ez baizik txaloka ekarri zituen jendeak atzera oholtzara. Orduantxe jo zuten beren hit zaharra, hasieran hainbeste ematearen poderioz nekatu eta bukaeran nekez aditua geniena. Poliki-poliki heldu zioten: akorde bat eta stop. Beste akorde bat eta barre txikia entzuleok.

Premiarik ez denean, ez dago zertan hitz egin.

Banaizela aske, zu gabe ere

Orain bi urte pasa zabaldu zuten albistea: ez zen Napokarik izango bolada batean. Hain zuzen ere kontzertuetan zaildutako taldeak atseden hartzea erabaki zuen bigarren diskoaren arrakasta betean. Batzuetan profezia bihurtzen zaio norberari hasiera batean beste zentzu batekin sortu zuen hura: arnasten ikasi behar zuten berriz.

Guri Gernikan esan ziguten, 2014ko azaroan. Borrokan-en aurretik jo zuten Trinkete Antitxokoan, eta uste dut besteak beste horregatik egin genuela Sarak eta biok Maltzagatik Busturialdera, zailagoa izaten zelako beratarrak harrapatzea bailara-kideak baino. Eta hara non.

Sasoi hartan, makalago genbiltzan denok.

Garaiz esan ziguten egiatan, martxora arte jarraitu zuten-eta biran. Orduko azken saioetako bat grabatua dago, eta Youtuben ikus daiteke: paperezko kontzertua Zarauzko Garoan. Maite dut bideo hori, nahiz eta “Benetan? Soinua ez zen bereziki ondo atera”. Altxortzat dut bideo hori, egia esan.

Negua kantatzen ari dira (13:05 minutua), kontzentratuta biak. Kamera Mireni so, eta Miren barrura edo beste norabait, auskalo, eta orduan bigarren estribilloaren aurreko estrofa dator, ezino-teoroi-menhorikendu, eta Anderrek koroak inprobisatzen ditu (14:40 minutua), eta orain bai: irribarre biek, eta begirada konplizea. Horra hor Napoka Iria.

Halako magia daukanak jakin behar du zaintzen.

Asmatu zuten, argi dago. Trinketeko hartan merchandising postuaren parean aho bete hortz geratutako Sara eta biok elkarren ondoan eseri ginen Eibarren San Fermin egunez, eta, uda honetako agurra definitiboa izanagatik, desagertua zen behin-behineko etenaldiaren pena negutiar hura. Aulkian ezin kabituta altxatu ginen (gu geu eta beste mordoxka bat), eskuak mindu arte jotzera txalo, buru-belarri eta -bihotz. Irribarrez erantzun ziguten.

Burua oso kartzela handia da

Bai, arrazoi duzue, apur bat gehixeago aipatu behar nuke kontzertua bera. Zer esango dizuet ba… Dena jo zuten (bai, konforme, Poorstraat izan ezik). Napoka Band biziberritu zuten. Beren onenak eman zituzten (gitarra horiek, ahots horiek, anpli beixa eta adierazte-indarra…). Zer esan daiteke, bada?

Agian esan nezake ez zutela jo bertsio bat besterik, Su Ta Gar-en Zure atzetik. Jakin badakigu, ordea, bertsiogile iaioak direla: Tumatxak saioan dozenatik gora egin zituzten, eta lehenago ere beretua zuten, esate baterako, Cat Power. HBO kateko telesail batek iturri-liburua nola, hala deskubri diezazuke bertsio batek kantu originala: nik neuk Napokari esker ezagutu nuen Igor Arzuagaren eta Luis Vilen hau (eta Sarak ere bai).

Agur, Napoka, eta eskerrik asko. Burua kartzelegi zaidan aldiro egingo dut ihes zuen musikaren babesera.