2016an Kriminologiaren Euskal Institutuak EAEn 1960tik 2015era izandako tortura kasuei buruzko txostena entregatu zion Eusko Jaurlaritzari: 4.009 tortura salaketa zituen eta horietatik 3.577 dokumentatuak eta gordeta dituzte institutuan. Lan itzela. Eta itzela bezain larria ondoren gertatu zena: Jaurlaritzak sartu zuen txostena tiradera batean eta gaur arte. Bai, balio izan du tortura bisualizatzeko, besteak beste, eta ez da makala hori, bereziki torturatuentzat, baina kito. Ez da urrats esanguratsu gehiago eman ez aitortzan, ez erreparazioan, ezta ez-errepikapenaren bermean ere.
Sistematikoa zen. Horregatik, datorren astean beste ETA bat sortuko balitz, nahikoa litzateke dagokionak tekla bati sakatzea torturaren makina ostera abian jartzeko: ideologoak bere lana egingo luke, planifikatzaileak ere bai, eta zeresanik ez torturatzaileak; eta baita ezikusiarena egiten duten epaileek eta auzi medikuek ere; edo tortura ukatzen duten alderdiek, instituzioek eta komunikabideek. Sistema horrentzat Espainian tortura ez da existitzen, beraz, zertarako ikertu eta azaleratu? Edo bai, baina salbuespena da, horregatik zigortu dira hogei kasu eskas eta guztiak 1979 eta 1984 artekoak –Kepa Urrarena izan ezik, 1992koa–.
Horregatik ez da ikertzen. Espainiak tortura ez ikertzeak ez gaitu harritzen, baina aipatu txostena enkargatu duen Eusko Jaurlaritzak ez egitea askoz harrigarriagoa da, are gehiago ETA desagertu zenetik biktimen eta memoriaren bueltan egindako lana egin denean. Bale, agian 2016an ezin zitekeen gehiago egin, sinesgarritasun bat zuten Jonan Fernández eta Paco Etxeberria txostenarekin atera eta listo; baina ondorengo sei urteetan ere ez? Ez instituzioek, ez epaile instruktore edo fiskalen batek... Inork ez du tiradera ireki.
Ertzaintzaren 310 tortura kasu. Urkullu lehendakariak eta EAJk sinesgarritasuna ematen diote enkargatutako txostenari, baina batez ere Espainiako Estatua interpelatzen duela deritzote, nahiz eta txostenak sinesgarritasuna ematen dien Ertzaintzaren aurkako 310 salaketei. Lehendakariak beti defendatu du ez dagoela Ertzaintzaren aurkako tortura zigor epairik, eta Ertzaintzaren buru Jorge Aldekoak 310 kasu horiek ukatu zituen txostena aurkeztu eta hurrengo egunean.
Torturatuak akuilu. Kosta ahala kosta antolatzen ari dira, Nafarroako Torturatuen Sarea aitzindari, eta erakusten dute haiek lehen lerroan jarri gabe auziak tiraderan jarraituko duela secula seculorum. Beste lurraldeetan ere badira mugimenduak antolatzeko. Eta badirudi bi erronka nagusi daudela orain: bat, EAEko txostena tiraderatik ateratzea eta ikertzea; bi, Nafarroan Euskal Kriminologia Institutuak aurkeztu berri duen txostenak –891 pertsona torturatu 1979tik 2015era– ez dezala beste tiradera batean amaitu.