argia.eus
INPRIMATU
“Atera ala hil”, Gaza iparralderako Jeneralen doktrina
  • Israelgo armada urria osoan bereziki gogor aritu da Gazako iparraldean, eta egunotan ere azken urteko erasorik gogorrenak egiten ari da bertan, ehunka pertsona hilda, gehien-gehienak zibilak eta tartean hamarnaka ume. Herritarrei Gazako hegoaldera joateko agindua eman diete beste behin ere, han eratu duten “eremu humanitariora”. Denak adierazten du, ordea, lerroko iparraldea hutsik nahi duela Israelek eta bertako herritarren garbiketa etnikoa areagotu egingo dela.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko azaroaren 08a
Milaka palestinar ari dira ateratzen azken asteetan Gazako iparraldetik..

Astearte gaueen egindako prentsa agerraldian, Itzik Cohen Israelgo armadako jeneralak lehenbiziz aitortu zuen modu publikoan orain ateratzen ari diren palestinarrei ez zaiela utziko ostera ere beren lur eta etxeetara itzultzen. Orain arte behin baino gehiagotan egotzi dituzte palestinarrak Gazako iparraldetik, baina horiek itzuli egin ohi dira, besteak beste, Gaza osoan leku segururik ez dutelako.

Cohenek aitortu zuen Israelgo indarrak birritan sartu direla Jabaliako esparruan, eta ondoren berriz egiten dietela eraso handik, eta beste lurralde batzuetatik ere beste hainbeste. Armadak urtebete darama Gazari eraso egiten, eta ez du lortu Hamasekin bukatzea. Horregatik, oraingo kanporatze operazioa areagotu egin dute eta hurrengo urratsa Jeneralen doktrina indarrean jartzea ei da.

Giora Eilan erreserbako jeneralak gidatutako agintari militarren talde batek diseinatutako plana da doktrina hori, eta horren arabera, herritarrei handik ateratzeko agindua emango zaie eta ateratzen ez direnak Hamaseko kidetzat edo terroristatzat hartuko dituzte, eta beraz, helburu militar gisa.

Eilan jeneralaren plana, dena den, ez da batere berria eta funtsean Dahiya dotrinan oinarrituta dago. Dahiya Beirut hegoaldeko auzo bat da, zeina Israelgo armadak birrindu egin zuen 2006an Libanori eraso egin zionean, han Hezbollahko koartel nagusia zegoela argudiatuta. Gadi Eizenkot general israeldarrak hitz egin zuen dotrina hartaz lehenbiziz 2008an Yedioth Ahronoth egunkariari emandako elkarrizketan, eta zera iragartzen zion Israel erasotzen zuen edonori: “Neurriz kanpoko indarra erabiliko dugu eta sekulako txikizioa eragin. Guretzat horiek ez dira zibilak bizi diren eremu urbanoak, helburu militarrak baizik”.

Beraz, Israelgo armada eraso handiak egiten ari da Gazako iparraldean bertako herritarrak Netzarimgo korridoretik hegoaldera bidaltzeko. Armadak gerra hasi eta berehala sortu zuen korridore hori Gazako lurraldea bitan zatitzeko.

Eztabaida handia Israelen

Urtebeteko gerraren ondoren, Israelgo elitean eztabaida handia dago Gazan zer egin, bai gerran baina bereziki gerra ondoren. Hainbat analistaren arabera, funtsean Israelgo armadako agintari ugarik nahi du Gazatik atera eta palestinarren gobernu bat finkatzea, Israelek kontrolatutakoa eta Hamasek gidatuko ez lukeena. AEBetako orain arteko gobernuaren jarrera ere horren gertukoa litzateke. Israelgo gobernuan ordezkaritza zabala duen eskuin muturraren arabera, ordea, Gaza osoa berriz kolonizatu behar da. Tentsio horien adierazle izan daiteke Benjamin Netanyahuk Yoav Gallant bere defentsa ministroa aste honetan kargugabetu izana.

Ez dago garbi etorkizunak zein norabide hartuko duen, baina gero eta garbiago dago, Haaretz egunkari israeldarrak salatu duen bezala, Gazako iparraldea hustu nahi dutela. Hori noiz gertatuko den ez dago garbi, NBEaren arabera oraindik 300.000-400.000 herritar baitaude Gazako iparraldean. Gaiaz mintzo diren iturrien arabera, operazioa amaitu arte oraindik denbora beharko dela aipatzen da, akaso hilabete bat, bi edo hiru.

Edozein kasutan, Gaza osoa suntsituta badago ere, Gaza iparraldearen txikizio handia bereziki azpimarratzen dute bertaratzen diren guztiek. Joan den astelehenean NBEko Merkataritza eta Garapen Konferentzia egin zen eta bertan ezagutzera eman zen txostenaren arabera, Gazako ekonomiak hamarkada asko beharko ditu gerra aurreko bere egoera estura itzultzeko.

 

+972 agerkari palestinar-israeldarraren erreportaje honetan luze eta zabal hitz egiten da Jeneralen doktrinari buruz. Irakurtzen duenak ikusiko du egileek badakitela zertaz ari diren eta Israelgo gizartean sektore oso zabalek onartuko luketela halako bide bat.