Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu du Ateak Ireki hedabide herrikoia eta beste hiru webgune ixteko, Herrira mugimenduarekin lotura dutelakoan: Donostiako eta Zarauzko Herriraren guneak, eta etengabe.wordpress.com. Ateak Ireki bera izan da albistearen berri eman duena, eta ondoren Europa Pressek xehetasun gehiago eman ditu epaitegiko iturriak aipatuz.
Ateak Irekiko kideek adierazi dutenez, Auzitegi Nazionalak autoa publiko egin du, non telekomunikazio alorrean aritzen diren hainbat enpresari eskatzen zaien Ateak Ireki-ri sarbidea ukatzeko, baita sare sozialetan dauzkaten kontuak eta beren webgunea ixteko ere. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen agindua da.
Erabaki hau ez da behin betikoa eta errekurtsoa aurkez dezakete. Hala ere, hedabide herrikoieko kideek adierazi dute ez dakitela ea datozen ordu eta egunetan webgunea eta sare sozialetan dauzkaten kontuak eskuragarri izango diren. Ondorengo mezua bidali dute eskerrak emanez.
#AteakIrekiAURRERA Eskerrik asko zuen elkartasun eta laguntzagatik! Datozen ordu eta egunetan zehaztuko dugu honi emango diogun erantzuna.
— Ateak Ireki (@AteakIreki) November 13, 2013
Etengabe webgunean oharra
Etengabe webgunean ere oharra argitaratu dute. Bertan diote ARGIAko albiste honen bitartez jakin dutela epailearen erabakiaren berri eta webgunea "2012ko maiatzetik hona itxita" dagoela. Hala ere, informazioa sarean mantentzea erabaki zutela kontsultagarri egon zedin. Ondorio gisa, itxiera honela interpretatzen dute: "Gustuko ez duen gaien inguruan informazioa eman dezakeen edozeinen kontra jo dezakete. Zure kontra ere bai. Helburua informazioa isiltzea eta gertatutakoa izkutatzea da".
Aurrekariak
Nafarroan Apurtu.org webgunearen itxieraren ostean sortu zuten Ateak Ireki, 2011n. Nafarroako 40 kazetari baino gehiagok adierazpen askatasunaren aldeko manifestua sinatu zuten. Komunikabideen aurkako erasorik gabeko eta inongo mehatxurik gabeko eszenatoki bat eskatu zuten, “guztiok askatasunez lan egin eta iritzia eman ahal izatea bermatuko duen eszenatoki bat”.
Babes mezuak
Sarean #AteakIrekiAurrera etiketa erabiltzen ari dira Nafarroako webguneari babes eman asmoz.
Aurkako mezurik ere izan da. Tartean Guillermo Chaverri UPNko kidea.
Bye bye #AteakIreki
— Guillermo Chaverri (@gchaverri1) November 13, 2013
Ateak Irekik argitaratutako zenbait bideo
Webgune nafarrak ehunka milaka bisita izan dituzten hainbat bideo zintzilikatu ditu sarean. Horien artean azpiko hauek.
Villabesako entzierroaren aurkako karga poliziala.
Polizia eta Sabino Cuadra diputatuaren arteko istiluak.
2013ko txupinazoan ikurrina zeramatenen aurkako karga.
Edo Luis Goñiren atxiloketako hau.
Nafarroako eraldaketa sozialera bidean “herriari ahotsa” emango dion tresna izan nahi du proiektu komunikatibo berri honek. Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunea itxi ondoren abiatu zuten “Ahotsa behar dugu” dinamika, eta horren ondorioz... [+]
Ahotsa.info herri komunikabide berria aurkeztuko dute bihar Iruñean. Nafarroan sortu nahi duten eraldaketa sozialera bidean “herriari ahotsa” emango dion tresna izan nahi du proiektu komunikatibo berri honek.
Ahotsa.info izanen da Nafarroako herri mugimenduei ahotsa emanen dien informazio-bozgorailu berria. Twitter kontuaren bidez eman dute ezagutzera Ateak Ireki eta Apurtu.org atarien oinordeko izanen dena.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunea ixtea agindu zuenetik, Nafarroako herri mugimenduek komunikatzeko tresna propioak behar dituztela aldarrikatzen ari dira sarean ‘Ahotsa behar dugu’ dinamikaren bidez.
Nafarroan "ahotsa" behar dutela aldarrikatzen ari dira egunotan Ahotsa Behar Dugu Twitter kontutik. Ateak Irekiren itxieraren ostean, herri hedabide baten aldeko aldarrikapena da.
Ateak Ireki webgunearekin elkartasunez ostiralerako deitutako elkarretaratzea debekatu du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Delegaritzak. Hala ere, kontzentrazioa egingo dutela iragarri dute hedabideko kideek.
Ateak Ireki komunikabidea ixtea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak Herrira mugimenduaren parte dela argudiatuta. Nahiz eta epaia irmoa ez izan, hiru orriko txostena nahikoa izan du Eloy Velasco epaileak hedabide bati hitza kentzeko. Adierazpen askatasunaren aurkako... [+]
Hekimen Euskal Hedabideen elkarteak Ateak Ireki webgunearen itxiera salatu du prentsara igorritako ohar baten bidez. ARGIAk ere bat egiten du salaketarekin.