argia.eus
INPRIMATU
Atarrabiako Udalari gutuna

Gorka Artizar Izurzu Zabalza 2020ko uztailaren 13a

Nire desadostasunik eta gaitzespenik handiena Atarrabian aurrera eramaten ari den oinezkoentzako politikaren aitzakiarekin mozten ari diren zuhaitz mordoarekin.

Barkatuko didazue, baina dagoeneko gu bezala ez dakigu zein gaitzak jota gaixotu omen dira zuhaitzak ere. Aizue aitzakiaren susmoa hartzen hasia diot aitzaki horri. Nik dakidana zera da, itzal gozoa eskaintzen zuten zuhaitzak mozten ari direla, lehengo egunean herriko bi kale ezberdinetan. Bestalde, aparkaleku plaza berriak eraikitzearren eta espaloiak zabaltzeko aginduaz lurrera botatzen ari dira beste hainbeste zuhaitz gure herriko kaleetan.

Hau da gure hurrengo belaunaldiei utziko diegun lekukoa. Izorratzen zaituen zuhaitza, moztu, egin alde batera eta segi aurrera. Hau ahal da benetan haiek jasotzea nahi dugun mezua? Imajinatu ahal dut, zenbatean garestitzen zuen aurrekontua, zuhaitz nerabe hauek beste edonon birlandatzeko eskakizunari men egiteak. Hori argi dago. Baina esan beharra dago zementua lehenesten duen kudeaketak ez diola inoiz onurarik ekarri gure herriari. Gogoratuko duzue aspaldian Atarrabian zeuden parke eskasak eraikitzeko egon ziren proposamenek hartutako bideak…

Badakit ere sustrairik gabeko zuhaitzak ez duela inon leku aurkituko, eta ezingo duela berriro inon lurra hartu, hau baita mozteko erabili duten modua orain arte. Hau esaten dut, askori gertatzen hasi zaiguna baita herrian. Gure artean esango dizut, baina herritarrak aurrera jarraitzen dugun bitartean, geroz eta zailagoa izango zaie hurrengo belaunaldiei zuhaitz berri eta gazteei leku ematea. Gauzak geroz eta azkarrago doaz, geroz eta leku gutxiago ematen diogu oro har prozesu naturalak betetzeko behar duten denborari. Gaur moztu diren zuhaitz askok 20 urte baino gehiago behar izan dute tamaina horietara iristeko. Askorentzat bizitza oso bat izan da hori.

"Gauzak geroz eta azkarrago doaz, geroz eta leku gutxiago ematen diogu oro har prozesu naturalak betetzeko behar duten denborari. Gaur moztu diren zuhaitz askok 20 urte baino gehiago behar izan dituzte tamaina horietara iristeko"

Ez dakit birus anker eta maltzur honek inposatutako eragin pean onarturiko neurri gehienak bezala, gure gizatasunaren onerako izan diren edo ez mozketa hauek, ezin ekidin galdera hau, behin eta berriro baitatorkit burura. Esango nuke geroz eta denbora gutxienean ahalik eta obra gehien egiteak, eta zenbat eta nabarmenagoak diren eraikuntzen ildotik doazen politikak bideratzeak ez diola benetan gehiengo baten mesedeari erantzuten. Jendeari ere erakutsi behar zaio gauzek denbora hartzen dutela egi bihurtzeko, eta ezin dela ziztu batean dena aldatu, honako honetan horretan saiatu baitira. Baina gure esku dago erakustea nola gauzak pixkanaka-pixkanaka, poliki-poliki aldatzen diren, eta aldaketak hemen geratzea nahi badugu denbora behar duten aldaketak izan behar direla, betirako gera daitezen gurean.

Hau idazten ari naizen momentu berean, nire logelako leihotik begira, kale aurrean zutik geratzen zen azken zuhaitz sendo eta ederra motozerraz botatzen ari dira. Ezin diot malkoari eutsi. Errua ez da langileena, euren lana egiten baitute; errua ez da lizitazioak irabazi dituen enpresarena ere ez, preziorik merkeenean aurkeztutako proposamena zilegizko lehiaketa publiko batean irabazi baitzuten, eta promestutakoa baino ez dabiltza betetzen; errua ez da herriko udalarena ezta, hemen bizi garen bizilagun guztien onurarako diren legeak bere esku hartzen ari baita, eta ahal duten moduan aurrera eramaten. Bide batez, herriaren eskakizunei erantzun emanez jarduten dute. Orduan, norena da errua ?

Akaso bidean okertu gara hor nonbait eta ez dugu ikusi nahi izan, dena azkar, gaur eta lau urteko honetan aurrera eramateko grina asegaitz honek ez gaituela inongo leku onera eramaten ari.

Besterik gabe ez dezagun ahaztu, azken zuhaitza moztean, azken hostoa erortzean, lurra agortzen den egun hori iristen denean akaso, gu oraindik ere hemen jarraituko dugula. Eta ez badugu natura gure politiken ardatz bihurtzen, guretzat akaso ez dugula lekurik topatuko inon.

Hori baino ez nuen adierazi nahi…. Azken gauza bat, ederra geratu da Montikuloa txo!!! Animo Mikeli eta lantalde osoari.

 

*Atarrabiako bizilaguna eta ingurumen hezitzailea