Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez, bortizkeria obstetrikoa, instituzionala, mendekatze kimikoa, haurtzaroko sexu gehiegikeriak, eta eraso fisiko nahiz psikologiak salatu dituzte.
“Zoritxarrez akosoarekin loturiko bizipen ugari izan ditut ene 37 urteetan zehar baina gertakizun batek bereziki barrenak apurtzen dizkit. Donostiko taberna ezagun batean lan egin nuen garai batean 20 urte nituenean eta ostiral goiz baten bertako tabernari matxirulo sexista baten ohean esnatu nintzen bularrak eta gerrialdea beltzunez beteta. Korrika eta izututa atera nintzen bertatik. Hurrengo hilabeteak VIH-ren eta beste ETS-n frogak egitera, haurdunaldikoak...”. Horrela hasten da emakume batek idatzi duen testigantzetako bat. Hamarnaka kontakizunen artean ale bat baino ez da.
Hala Bedi irratiak elkarrizketa egin die egitasmoaren sortzaileei, beti ere anonimotasuna mantenduta. Elkarrizketa horretan esandakoak jaso ditugu artikulu honetan. Emakume taldeak bi elkarrizketa baino ez ditu eskaini, bata Berria-ri, eta bestea, Hala Bediri.
Azaroaren 20an ireki zuten kontua Instagramen, @denuncias_euskalherria izenean. Cristina Fallarás kazetariaren #Cuentalo kontuan oinarritu dira, eta hor Euskal Herriko informazioa eskuratzea oso zaila zelakoan, bertako testigantzak errazago jasotzeko bidea ireki dute. Herrika daude antolatuta salaketak, euskaraz eta gaztelaniaz egindakoak. Orain arte (Hala Bedik elkarrizketa urtarrilaren 9an argitaratu zuen) ia 500 testigantza jaso dituzte, kontuak 10.000 jarraitzaile ditu eta bost milioi bisita.
Helburua nazioartean ireki diren hainbat konturen berbera da: emakumeek bizitzaren momenturen baten bizitako bortizkeriak eta erasoak jasotzea, emakume horiei ahotsa ematea haien konfidentzialtasuna mantenduta.
Mehatxuak jaso dituzte
Emakume taldeak denbora librean kudeatzen du kontua eta testigantzak mezu pribatu bidez jasotzen dituzte Instagram plataforman bertan. Helbide elektronikoa erabiltzeko aukera ere badago. Kudeatzaileak irakasleak, gizarte-hezitzaile eta -langileak dira, gehienak amak.
Hainbat motatako indarkeriak kontatu dituzte: bortizkeria obstetrikoa, instituzionala, mendekatze kimikoa, haurtzaroko sexu gehiegikeriak, eta eraso fisiko nahiz psikologiak. Harrigarriena egin zaie biktimak elkarren artean identifikatuta sentitzen direla eta kontakizunetan bat egiten dutela. Elkarrizketatuaren ustez, “dirudienez erasotzaile askok patroiak errepikatzen dituzte, nahiz eta beti ez den horrela”. Azaldu dute oihartzun handiena izan dutenak izan direla biktima bat baino gehiago duten erasotzaileei buruzko testigantzak.
Kontua ireki zutenean, “oraindik mugimendu sozial honek eragin handirik ez zuenean”, erasotzaileen mehatxuak jaso zituztela esan dute, baita Ertzaintzarena ere. Ez dute mehatxuen xehetasunik eman. Batez ere lehenengo egunetan gertatu zirela diote.
Zama arintzeko bide bat
Testigantzak jasota, memoria kolektiboa sortzen ari direla diote, emakumeek gaur egun jasaten duten eta mendetan jasan duten indarkeriarena.
Erronkei dagokienez, taldearen ustez kontuak lortu du emakumeentzat eremu seguru bat sortzea haien esperientziak elkarbanatu ahal izateko. Kontuaren helburu bakarra ez da emakumeak ohartaraztea, hau da, balizko arrisku egoerak eta indarkeria identifikatzen laguntzea; baita ere gertaera traumatikoaz besteekin hitz eginda arindu emozionala hartzea, zama gainetik kenduta: “Komunitate solidarioa ari gara sortzen, elkar babesten dugu”.
Harago iritsi nahi dute, eta bi erronka aipatu dituzte: baliabide gida bat sortzea eta arrakala digitala bizi dutenengana beste modu batez ailegatzea.