Bioaniztasuna boladan dagoen garai hauetan asunari (Urtica dioica) begiratu beharko genioke, lehenaz gain. Gaur bertan sartu naiz emanhartuan sendabelarren azti nafar batekin bere asun tintura eskuratzeko. Asunaren tintura horrek beti izan du sona: barruak eta odola garbitzen ditu, odolaren ibilia sustatu, mineralez hornitu, giltzaduren eta giharren hanturak baretu, dituen antihistaminiko naturalekin alergiak lasaitu. Tintura ondo dago, baina egoskina, xarabea edo platerean gordinik, saltsetan edo arin eginda har dezakegu. Bitamina, oligoelementu, proteina eta zer ez du, izan ere!
Asuna bizitza da, guretzat bezala beste animalia askorentzat ere bai; bioaniztasunaren erregina da. Asun sail bat toki ezin hobea da animalia saldo eder batentzat; bertan bizi, jan, ezkutatu eta ugaltzeko. Esaten da hogeita hamar animalia baino gehiago zuzenean asunari lotuta bizi direla, hura gabe ezin iraungo lukete. Tartean gure baratzeetako tximeleta ikusgarrienetako batzuk: asun tximeleta, C-txuria, amiral gorria, karduetako vanessa eta hegazterren tximeleta. Era berean, ez da harritzekoa bere mutur guriko izerdi gozoa zurrupatzen zorriak nahaspilan ikustea eta horien atzetik bere hondakinak jatera ilaran etortzen diren inurriak, bai eta bere kumeak janez berdintzen diren amona mantangorriak. Barraskiloen kofradiak ere maite du asundia: zaleak dira baso-barraskiloa, barraskilo arrunta, Borgoinako barraskilo handia eta abar. Barraskiloa den tokian barea ez da urruti izaten. Asunaren gurgurioa, ipurtsardea eta era askotako armiarmak ere erraz topatuko dituzu, hara eta hona, asunaren ile erresumingarrien artean lasai asko.
Tajuzko lupa batekin begiratu asunaren ile horiek. Azpian anpulutxo bat du, muturrean orratz zorrotz batekin. Orratza sartzen zaigunean anpulua hautsi eta zaurian barruan duena isuriko du. Molotova ez da baina ederki erretzen, erresumintzen duen koktela askatzen du: txingurriek sortzen dutena bezalako azido formikoa eta gure garunak erabiltzen dituen serotonina, azetilkolina eta histamina, besteak beste…
Nola arraio sortzen ote ditu asunak gure garunak erabiltzen dituen neurotransmisoreak? Asuna gure espeziea baino askoz lehenagokoa dela badakigu. Jakitea gauza bat da; eta ustea? Askok gorroto du, baina gu adina bada behintzat. Eta erabili dezagun osasunerako bezala baratzean: landatzerakoan zuloan sartu, bero sapa bada landareari azpiak egin eta landarea indartzeko eta gaitzei eta izurriteei aurre egiteko asun ura edo minda egin.
Horiek dastatu dituen azalaren erremina sendatzeko, asunak hurbil izaten ditu mingarratzak edo uztaoak (Rumex spp) edota plantainak (Plantago spp); eman igurtzi on bat. Zenbaitek odolaren ibilia pizteko, asun sortaz zartadaka zigortzen du gorputza.
Asunak erretzen gaituenean neurotransmisoreak ematen dizkigu. Premian ikusten ote gaitu?