argia.eus
INPRIMATU
Asun Casasola, ez zaude bakarrik
  • Indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzea helmuga duen Asun Casasola Ipuin Lehiaketak sariak banatu ditu. “Plaza bat zure izenean” aurtengo gaia oinarri hartuta, memoria ariketa egin dute sarituek, gizonek hildako emakumeak, historia egin dutenak eta inudeak gogoan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko martxoaren 08a
Asun Casasola, loreak eskuetan dituela eta ipuinen irabazleez eta lehiaketaren antolatzaileez inguratuta.

Matxismoaren kontrako borrokalari nekaezina, hunkituta hitz egin du Asun Casasolak, sari banaketan, besteak beste, halako ekitaldien bidez bizirik mantentzen delako bere alaba zenaren memoria: Nagore Laffage, Asun Casasolaren alaba, José Diego Yllanesek hil zuen 2008ko Sanferminetan. Netflix plataforman estreinatu berri den No estás sola dokumentala (Ez zaude bakarrik) gomendatu du Casasolak. Manada kasuari buruzko dokumentala da eta Casasolak berak hartu du parte.

Saritutako ipuinei dagokienez, helduen euskarazko kategorian, June da istorio irabazlearen protagonista: auzoko plazak emakume baten izena du eta berari ere gustatuko litzaioke bere izena daraman plaza bat izatea, baina plazak izen hori zergatik duen jakin duenean, iritzia aldatu du: izenik gabeko plazak nahi ditu Junek. Gazteen kategorian berriz, inudeak eta historian haiek izan duten rola goraipatzen ditu ipuin sarituak. Gaztelaniazkoetan, azken urteetan hildako emakume bakoitzagatik ereindako zuhaitzez eta zuhaitz horien guztien artean osatutako ahizpatasun basoaz mintzo da sarituetako bat; plaza baten izena duen emakumea hirirako eta komunitaterako zein garrantzitsua izan zen deskubritzen duten neska-mutilen ingurukoa da bestea.

Irungo Borja Encinas eta Malen Mujikak irabazi dute euskarazko kategorian; María Sofía Abarca argentinarrak eta Ultzurrungo Teresa Subizak, gaztelaniazkoan. Ipuin lehiaketaren webgunean edizio guztietako ipuin sarituak irakur daitezke.

Juneri ere gustatuko litzaioke bere izena daraman plaza bat izatea, baina auzoko plazak emakume horren izena zergatik duen jakin duenean, iritzia aldatu du: izenik gabeko plazak nahi ditu Junek

Nagore Laffagek ere badu bere parkea

Nagore Laffage du izena Irungo parke batek. "Izendatzen ez dena ez da existitzen, eta horregatik da hain garrantzitsua. Norbaitek parkearen izena daraman neskaren inguruan galdetzen duen bakoitzean, besteren batek gertatu zena kontatuko dio –azaldu zion ARGIAri Casasolak–. Parkeari esker, memoria kolektiboan mantenduko da bai hilketa matxista, bai nire alaba, baita gauza bera sufritu duten beste emakume guztiak ere, Nagore Laffage ez delako Nagore Laffage bakarrik, gainerako guztiak ere bada, biktima guztiak oroitzeko balio behar luke”.

Alaba hil zutenetik, haren memoria bizi mantentzeko eta matxismoaren kontrako mezuak zabaltzeko borroka etengabean dihardu Asun Casasolak (ikastetxez ikastetxe solasaldietan parte hartzen jarraitzen du), eta hain justu horregatik abiatu zuten haren izena daraman ipuin lehiaketa: "Asun Casasolak aurrera eramandako borroka emakume guztien askatasunaren sinbolo bihurtu da. Ama honek erakutsitako kemena eta borrokarako grina izugarria izan da eta eredu honi aitortza egiteko asmoz sortu zen lehiaketa", diote antolatzaileek.