2008ko Sanferminak ziren. José Diego Yllanes iruindarrak Nagore Laffage hil zuen, ezetz esan ziolako, joan nahi zuela erabaki zuelako. Ordutik, alabaren hilketarengatik justizia egiteko, gertakaria ahanzturan ez erortzeko eta indarkeria matxista arbuiatzeko borrokatu du Asun Casasolak.
Orain, Txingudi Anti Sexistak “emakumeon kontrako bortizkeriarik gabeko gizarte baten alde” irundarrak egindako lana omenduko du, Asun Casasola ipuin motzen lehiaketa antolatuz. Nagoreren memoria bizirik mantentzea ere bada helburua, “guztiok garelako Nagore”.
Indarkeria matxistatik askeak diren bizitzak gaia abiapuntu, ikuspuntu positibotik arazoa gainditzeko proposamenak egiten dituzten ipuinak jaso nahi dituzte antolatzaileek. “Berdintasunean bizitzeko gizarte baten alde lan egitearen beharra” helarazi nahi dute.
Emakume aktibistak, bigarren planora ohituak
Asun Casasolaren moduan, asko dira mota guztietako mugimendu, aldarrikapen eta lan boluntarioetan parte hartzen duten emakumeak, baina atzeko lan isilera ohituago daude, bozeramaile aritzera baino. Aktibista emakumeak ugari diren arren, gehienetan gizonezkoak dira aurpegia jartzen dutenak. Horregatik, garrantzitsua da lehen planoa hartu duten emakumeen borroka ikusaraztea, Txingudi Anti Sexistak egin duen moduan.