Xixon hiriko udal batzak gehiengoz erabaki du herri-lurrak "eukaliptorik gabeko" eremu izendatu eta dagoenekoz horietan landatutakoak ebakitzen hastea. Izquierda Unidak aurkeztutako proposamenak PPren kontrako botoak bildu zituen; honek ezkerreko hautetsiei aurpegiratu die eukaliptoaren aurka "aurriritzi ideologikoengatik" daudela.
Portugaldik hasi eta Gipuzkoarainoko itsas bazter guztian dago auzitan azken urteetan basoa baino zuhaitz-monolabore bihurtu den eukaliptoa, ingurumenarentzako dakartzan kalte ugariengatik. Oraingoan Asturiasko Xixon hirian (270.000 biztanle) udal batzak izan du eztabaidagai eta erabaki du udalarenak diren lursailetatik kanporatzea eukaliptoa eta lehendik aldatuak ebakitzen hastea.
Urrats txiki bat da Xixonen udal eremuan zuhaitz inbaditzaile honek hartu duen indarra pittin bat kontrolatzeko. Zeren eta jabe pribatuak dauzkaten eukalipto sail zabalei dagokienez, zinegotziak ez baitira askoz aurrerago joatera ausartu, eukaliptoa hobeto kudeatzeko plan bat abiaraziko dutela erabakitzeaz gain. Lursail pribatuetako eukaliptoei eskua sartzea kostako zaie agintariei, Atlantiko eta Kantauriko kostalde osoan paperaren eta egur merkearen lobbyek daukaten indarra ikusita. Xixongo udalerriak, EFE agentziaren arabera, 3.000 hektarea baso omen dauzka eta horietatik 2.000 dauzka eukaliptoak hartuta.
Asturiasko ekologisten arabera, Asturiasen ere urte gutxitan orokortu da eukaliptoa, nahiz eta oraindik horren monolaborea ez iritsi Galizian daukan larritasunera. Asturiasko lurretatik 70.000 hektarea omen dauzka hartuta eukaliptoak, hau izanik eskualdeko zuhaitz mota ugariena. Gaur Asturiasek indarrean daukan basoen legeak 2050erako aurreikusten zuen eukalipto kopurua dagoenekoz gainditua zeukan... 2018an.