argia.eus
INPRIMATU
Asturiagako segadan hildako gazteak omenduko dituzte larunbatean Hondarribian
  • 1974ko maiatzaren 20an, Espainiako Guardia Zibilak antolatutako segada batean, Jose Luis Mondragon eta Xabier Roque Mendez gazteak hil zituzten, Hondarribiko Asturiagako hondartzan. Ez zen ikerketarik ez epaiketarik egon. Gertakariak argitara ateratzeko Asturiaga 1974 memoria taldea sortu dute, eta maiatzaren 20an omenaldia egingo dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 18a
Asturiagako hondartza.

 “Hondarribiko jendeak badaki zerbait egon zela, baina oso jende gutxik hitz egin du gertatutakoaz”, adierazi du Xabier Bengoetxea Asturiaga 1974 plataformako kideak.

Garaiko prentsak dioenez, Jose Luis Mondragon Moriko, 27 urteko arrasatearra, eta Xabier Roque Mendez Poeta, 21 urteko santurtziarra, motordun txalupa batean iritsi ziren Hondarribira. Beste pertsona bat zihoan haiekin: Jesus Arrondo Martin Kokoliso, polizia infiltratua. Asturiagako hondartzan lehorreratu ziren, baina iritsi zirenerako, lekua guardia zibilez beteta zegoen. Itsasertzetik hamabi bat metrotara hil zituzten, tiroz. Kokoliso poliziak, ordea, alde egin zuen.

Gertakariak ahanzturatik ateratzeko asmoz, Asturiaga 1974 plataforma sortu dute Hondarribian. “Gure lehentasuna da kasua argitara ekartzea, jendeak gertatutakoa jakin dezan; ez gara peskizatan ibiliko gertatutakoaren inguruan”, adierazi du Xabier Bengoetxeak. Bibliografia arakatu dute eta garaiko prentsako aipamenak aurkitu dituzte, baita Moriko eta Poeta ezagutu zituzten pertsonen testigantzak ere, Txillardegi, kasu.

Herrian harrera ona izan du egitasmoak, baita bi gazteen senideen artean ere. Memoria taldea martxan jarri zutenean haiengana jo zutela eta proposamena ondo hartu zutela kontatu du Bengoetxeak. Oraindik mina eta bakardadea sentitzen dutela ziurtatu du. “Historia hori 74an gertatu zen, eta hor geratu dela dirudi”, gaineratu du.

Maiatzaren 20an 43 urte beteko dira Asturiagako gertakarietatik. Memoria taldea bideo bat zabaltzen ari da sare sozialetan eta larunbatean lore eskaintza egingo dute Asturiagako hondartzan.

Bideoa: