Musika esperimentala ardatz hartuta, hilaren 14an Arto Artian plataformaren jaia egingo dute Gernikako Astra gaztetxean. Hamabost artista baino gehiagok hartuko dute parte egun osoko egitarau zabalean.
Arto Artian plataforma 2006an sortu zen, musika esperimentalen inguruko lanak bildu eta hedatzeko asmoarekin. Ordutik katalogo trinkoa atera dute, nagusiki autoekoizpen eta diskoetxe txikiek plazaratutako grabaketekin.
Katalogoarekin gainditu nahi izan dituzte mota horretako ekoizpenek dituzten oztopoak. Kontzertu eta aurkezpen bitartez, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko beste toki batzuetan ezagutzera ematen aritu dira, musika genero hauetan aritzen direnen lana argitara ateraz.
Plataformaren webgune berria aurkeztuko dute Astran egingo duten jaialdian. Bertako kide eta kide ohien lanak aurkitu daitezke bertan, baina hazten jarraitzeko, zabalik dagoen proiektua dela adierazi dute webgunean.
Merkatua, proiekzioak, kontzertuak, pintxadak...
11:30ean abiatuta, egitarau anitza antolatu dute plataformako kideek. Egunean zehar stand ugariz osatutako merkatua egongo da; Arto Artian, Riot Flesh & Puerta, Banizu Nizuke, bIDEhUTS, El Gallo de Oro, Building, Pop Pilulak, Grace Livingstone eta Lavandera izango dira merkatuan.
Bestalde, proiekzioak, kontzertuak eta pintxadak ere egongo dira. Parte hartuko duten artisten artean daude, besteak beste, Gora Japon, Amorante, Ainara Legardon eta Miguel A. García & Loty Negarti. Kafea eta Galletak-en saio berri bat ere izango da.
Egitarauaren xehetasunen berri izateko : http://artoartian.org/jaia2014