argia.eus
INPRIMATU
AstraZenecak Europarekin adostutako txertoen %40a besterik ez du bideratuko lehen hiruhilekoan
  • AstraZenecaren txertoa Oxfordeko unibertsitatearekin batera garatu da eta Sendagaien Europako Agentziaren onespena jasotzeko prozesuaren azken urratsetan dago. Dena dela, Erresuma Batuan jada banatzen ari diren txertoetako bat da. Europar Batasunarekin adostuta zituzten 80 milioi dosietatik 31 milioi dosi solik dira urteko lehen hiru hilabetean helduko direnak. Bruselak iradoki du AstraZeneca konpainiak beste herrialde batzuei saldu dizkiela Europar Batasunerako ziren dosiak. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2021eko urtarrilaren 26a
Stella Kyriakides, Osasun komisarioa. Argazkia: El Confidencial

AstraZeneca konpainiak urtarrilaren 22an iragarri du, prestatzen ari diren COVID-19aren aurkako txertoen %40a besterik ez duela igorriko Europar Batasunera, Redacción Médica hedabidean irakur daitekeenez. Hitzartutako txertoak 80 milioi baldin baziren ere, 31 miloi baino ez ditu jasoko Europak 2021eko lehen hiruhilekoan. Murrizketa hori ekoizpen arazoengatik izan dela jakinarazi nahi izan du AstraZeneca konpainiak. 

Stella Kyriakides Europar Batasuneko Osasun komisarioak twitter sare sozialean zabaldu duenez, "AstraZeneca konpainiarekin izandako eztabaidekin atsekabetuta sentitu gara, eta EBko estatu kideak bat eginda daude: Txertoak egiten dituztenek bete beharreko erantzukizun sozialak dituztela uste baitudugu". 

 

Konpainiaren iragarpena dela-eta, Europako Batzordeak eta estatu kideak "haserre" agertu dira. "Berriro diogu entrega-egutegi zehatz bat egin behar dela, estatu kideek txertaketa-programak berriz planifikatu behar dituztela kontuan hartuta, eta behin-behineko merkaturatze-baimena eman beharko luketela", esan du twitter bidez Kyriakidesek. Horren ondorioz, "AstraZenecari neurriak hartzeko eskatzen jarraituko dugu, dosien ekoizpena handitzeko eta banaketa bizkortzeko".

Dosien banaketa

Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak Paschal Soriot AstraZeneca enpresako zuzendariari dei egin zion azalpen bila. Von den Leyenek azpimarratu dio sinatutako kontratua bete behar duela eta honenbestez, agindutako dosiak bere horretan igorri behar dituztela Europar Batasunera. Honela, AstraZenecaren aurkako ekintza judiziak abiatzeko mehatxu egin dio eta konpainiak Europar Batasunari agindutako txertoak hirugarren herrialdeei saldu dizkiela iradoki du Europar Batasunak. 

Italiako Gobernuak dagoeneko iragarri du auzitegietara eramango duela AstraZeneca konpainia, enpresa kontratua urratzea egotzita, Pfizerrekin eta BioNTechekin egin duen moduan, horiek ere arazoak izan baitituzte hitzemandako dosiak banatzeko.