argia.eus
INPRIMATU
AstraZenecaren txertoaren bigarren dosia jartzeko zailtasunek haserrea sorrarazi dute herritarren artean
  • Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak AstraZenecaren lehen dosia jarri dutenei Pfizerren txertoa jartzeko eskatzen ari zaie orain. Dosi hori hartu zuten 60 urtetik beherako langile eta profesionalen artean kezka eta haserrea nabarmena da, "zerbait gaizki egiten" ariko balira bezala sentiarazten dituztela diote.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko maiatzaren 27a
IƱigo Urkulluk ere Astrazenecaren dosia jarri nahi dutenei arazoak izango dituztela iradoki die (irudia: EiTB)

Milaka lagunei eragiten die azken egunotan erakunde autonomikoek hartu dituzten txertoaren inguruko erabakiek. Astrazenecaren lehen txertoa hartu zuten 60 urtetik beherako langile askok (irakasleak, farmazialariak...), baina orain, bigarrenean, Pfizerrena hartzeko eskatzen ari zaie. Astrazenecarena hartu nahi izanez gero, "beste agenda batean" sartu eta itxaron zerrendan utziko dituztela jakinarazi diete, eta 12 asteen barruko epean jartzea ezin dutela "bermatu" nabarmendu dute hizki larriz. Gainera, txerto hori jartzeko baimen bat sinatu behar dute eta eskaera egiteko on-line formulario bat bete.

Hala, Pfizer jartzeko erraztasunekin alderatuta, Astrazeneca jarri nahi dutenek arazoak eta mezu kontraesankorrak baino ez dituzte aurkitu agintarien partetik etengabe. Naiz Irratiak profesional horietako batzuen iritziak bildu ditu: "Ez da normala, badirudi zerbait susmagarria egiten ari garela" dio irakasle batek. "Zergatik sinatu behar dugu AstraZeneca hartu nahi dugunok zeozer arriskutsua egiten ariko bagina bezala?", azaldu du beste batek.

ELA sindikatuak salatu du, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa Covid-19aren kontrako txertoaren bigarren dosiaren kasuan "kaotikoa" izaten ari dela: "60 urtetik beherako langileen bigarren dosiaren kudeaketaren atzean ez daukagu argi irizpide zientifikoak edo hornidura-arazoak dauden".

Hain zuzen, hori da txertoaren zain dauden askoren ustea, hornidura arazoen ondorioz ari direla Nafarroako eta EAEko gobernuak Astrazeneca bigarren aldiz jarri nahi dutenei oztopoak jartzen, eta ez kalteen inguruko ebidentzia zientifiko nahikoak daudelako, ez behintzat Astrazeneca eta Pfizer biak nahasterakoan sor daitezkeenak baino gehiago: "Zergatik tratatzen gaituzte herritarrok umeak bezala? Horniketa arazo bat badago, esan dezatela".

Espainiako Gobernuak iragarri du aurki 1,3 milioi Astrazenecako dosi iritsiko direla Espainiako Estatura eta horiek nahikoak liratekeela eskariari aurre egiteko. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak berehala erantzun du esanez hitz emandakoa eta egiatan eskuratutakoa ez direla gauza bera askotan, ez dela segurua dosi horiek iristea. Eta mezua berriz ere norabide eta tonu berean: Astrazeneca nahi dutenek "itxaroin beste aukerarik ez dute".