Abiadura Handiko Trenaren lanak hasi zirenetik bi hamarkada baino gehiago igaro diren arren, lanekin jarraitzen dute. Azken egunotan Lezo eta Astigarraga arteko zatia esleitu du Espainiako Gobernuak. Horren aurrean, lanek ingurugiroan eragingo dituzten "inpaktu larriak" eta "ikuspegi sozio-ekonomikotik duen justifikazio falta" salatu eta herritarrei dei egin diete alegazioak aurkeztera. Horretarako dokumentu bat prestatu dute eta abuztuaren 3a baino lehen aurkeztu beharko da. Datu bat: Astigarraga eta Oiartzun arteko 7,15 kilometrotako AHTren tartea egiteko, 354 milioi euroko gastua aurreikusi dute, hau da, 50 milioi euro kilometro bakoitzeko, edo 50.000 euro metro bakoitzeko.
Herritar talde batek ARGIAra igorritako oharrarekin batera proiektuaren aurkako 22 orriko dokumentua bidali dute, eta horixe da alegazio gisa aurkeztu beharrekoa. Xehetasunez aztertzen dituzte trenaren bide berri honek izango dituen eraginak, besteak beste, ondorengoak azpimarratuz:
Martutenetik Oiartzungo Mendin Berri urbanizaziora 7,15 kilometroko eremua egin nahi dutela.
Eusko Jaurlaritzak Kultur Ondare gisa jasoa duen Okondotegi baserria eraitsiko dutela.
Astigarragan lotura handitu eta Oiartzunen bigarren lotura bat sortzea planteatzen dutela, gaur egungo trenbide sarearekin lotzeko 3,2 kilometroko beste lotura bat eginez, Mendin Berri urbanizazioaren inguruetatik abiatu eta Lezo-Gaintxurizketara.
Oiartzunen Ugaldetxo inguruetan inpakto bisual eta akustikoa izango duela salatu dute, Oiartzun ibaiaren gainetik 328 metroko luzeera eta 30eko altuera izango duen biaduktua egin nahi baitute.
San Markosen aurretik esana zuten 2,9 kilometroko tunela beharrean 5,6 kilometrokoa egitera igaroko direla, gainera, ondoren Lezo-Gaintxurizketan Pasaiako portuarekin lotura egin nahi dutela.
Gaintxurizketako zatiak azken urteetan nekazari gazteak bultzatzeko abiatutako hektarea bateko baratze ekologikoei eragingo diela.
Tuneletatik atera beharko dituzten 1.590.000 metro kubiko lurrak uzteko 15 leku posible identifikatu dituztela Andoain, Astigarraga, Martutene, Hernani eta Oiartzunen.
Urumea ibaian eragina izango duela.
Eraikin ugari expropiatuko dituztela.
Horregatik guztiagatik, lan hauek albo batera utzi eta gaur egungo trenbide sarea erabiltzeko eskatu diete agintariei. Lotura honetan dagoen dokumentua inprimatu, izenpetu, sinatu eta ondorengo helbidera bidali behar da posta zertifikatuz:
Subdirección General de Planificación Ferroviaria
Plaza de los sagrados Corazones, 7
28071-Madrid.