argia.eus
INPRIMATU
Pintaketak egin dizkiete Donostian langileak esplotatzen zituzten jatetxeei
  • Paperik gabe egotea aprobetxatu dute Donostiako bi jatetxek guztira 21 langile esplotatzeko; enpresaburu bera dago guztiaren atzean. Albistea jakin eta ordu gutxira pintaketak egin dizkiete atean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urtarrilaren 25
Pintaketak egin dizkiote Senra jatetxeari, albistea jakin berritan.

Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilo hartu ditu asteartean Donostian 21 langile esplotatzeagatik, eta behin ikerketa abiatuta jakin dute Gizarte Segurantzari 80.000 euroko iruzurra ere egin diotela. Enpresaburu batek bi jatetxetan esplotatu ditu langileak, bigarren bat diru-kontuez arduratzen zen, eta haien lagun batek, atxilotutako hirugarrenak, jatetxeetako batean arduradun lanak egiten zituen.

Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren ikerketaren arabera langile guztiak atzerritarrak dira, eta Donostiara iristen zirenean jabeak hitzematen zien egoera erregulatzen lagunduko ziela harentzat lan egiten bazuten. Lan-baldintza egokiak izango zituztela esan arren, egunean hamabi ordu lan egitera behartzen zituzten langileak, astelehenetik igandera eta hilean 1.086 euro ordainduta. Udaz geroztik, gainera, formakuntza-kontratuak sinatzera behartzen zien, eta horren gain ere, lan-ikuskapenetan gezurra esan eta beste inon ezer ez esateko agintzen zien, mehatxu bidez.

Iturri ofizialetatik xehetasun gehiago eman ez duten arren, El Diario Vasco hedabideak jakinarazi duenez, Donostiako Alde Zaharrean dauden bi taberna dira: Esquina de Senra eta Bar Senra.