argia.eus
INPRIMATU
Astelehenetik Elika21 biltzarra Gasteizen, elikaduraren etorkizuna eta nekazaritzaren erronkez
  • Astelehenetik (24) asteazkenera bitartean Gasteizen burutuko dira, "Elikadura21: Elikaduraren Etorkizuna Eta Nekazaritzaren Erronkak XXI Menderako" titulua daramaten elkarrizketak Hagako ISS Institute for Social Studies instituluak sustatzen dituen nazioarteko jardunaldien baitan, EHNE Bizkaia sindikatuarekin eta Etxalde mugimenduarekin elkarlanean. Mundu osoko aditu, unibertsitateko ikerlari eta herri mugimenduetako militanteak bilduko dira bi egun eta erdiko jardunaldiotan Gasteizen.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko apirilaren 21a
Elikadura burujabetzaz 2014an burututako jardunaldien emaitzak biltzen dituen liburua.

Nekazariek Gasteizko egunak kokatzen dituzte Vía Campesina nekazari mugimenduak 2017. urtean Derion (Bizkaia) uztailean burutu behar duen Nazioarteko VII.Konferentziarantzako agendaren barruan. Hagako ISS institutuak, berriz, jardunaldiok sartzen ditu ICAS Initiatives in Critical Agrarian Studies sarearen baitan antolatu dituen nazioarteko hizketaldien barruan. 2014ko ICASek eman zuena Internetez eskura daiteke PDF formatuko liburuan.

Etxalde mugimenduak garrantzia berezia ematen die Gasteizen bilduko diren jendeei eta eztabaidatuko diren gaiei: "Gasteizen izango dugun mintegia oso garrantzitsua izango dela bai arrazoi akademikoengatik eta baita politikoengatik ere. ICAS Hizketaldi seriean dagoeneko ohikoa den bezala, mintegiak izen haundiko akademiko zein aktibista ezagunen presentzia oparoa izango du; eta era berean, baita gazte militante/ikasle/ikerlari askorena ere (Europatik zein munduko beste alderdi batzuetatik hurbilduko direnak)".

Elikadura 21en antolatzaileek honela laburbildu dute jardunaldien xedea: "Zehatz-mehatz aztertu nahi da gaur egun nola egiten ari garen; zer jardunbide dauden abian eta zer ondorio eragiten dituzten; nola ari den egia bihurtzen elikadura-burujabetzaren ikuspegia; elikadura-sistemaren inguruko aktibismoarekin eta ikerkuntzarekin, elkarren esperientzietatik zer ikas dezakegun etorkizunerako bidea definitzeko… Gaur egun agroelikadura-sistema globalak eragiten duen krisialdi ekonomiko, ekologiko eta sozialaren larritasuna ikusita, beharrezkoa da egungo testuingurua aztertzea. Hala ere, hizketaldi honen xedea azterketa horien indarra bideratzea da, etorkizunerantz zer urrats eman behar ditugun hobeto ulertzeko".

Egitarauan aurreratzen diren gai nagusiak honakoak dira:

Kapitalismoa, klasea, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza.

Klima aldaketa eta konbergentziak.

Garapen‐ereduak kapitalen, ondasunen eta jendearen fluxuen testuinguruan.

Ekoizpen‐bideetarako irisgarritasuna eta haien kontrola.

Kontsumoa, osasuna, nutrizioa eta elikadura eskubidea.

Elikadura‐burujabetzarako mugimenduak.