argia.eus
INPRIMATU
Astelehenetik aurrera Euskal Herri osoan ibili ahal izatea eskatu du Urkulluk eta ezetz erantzun du Espainiako Gobernuak
  • Ondo bidean, astelehenetik aurrera Hego Euskal Herria hirugarren fasean sartu daitekeela-eta, horrek EAEn ekarriko dituen aldaketak azaldu ditu Arantxa Tapia sailburuak. Horrez gain, jakinarazi du EAE, Nafarroa eta Akitania Berria artean libre mugitu ahal izatea eskatu diela lehendakariak Espainiako eta Frantziako gobernuei. Halakorik ezin dela egin erantzun du segituan Espainiako Gobernuak.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 02a
(argazkia: Irekia)

"Hirugarren fasearen barruan, erkidegoetako presidenteek erkidego barruko mugikortasun irizpideak malgutu ditzakete, baina normaltasun berria iritsi arte ezinezkoa izango da erkidegoen arteko mugikortasuna", adierazi du Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak. Alegia, ekainaren 22ra arte itxaron beharko litzatekeela EAEtik Nafarroara eta Nafarroatik EAEra mugitzeko.

Taberna eta jatetxeetan, gehienezko kopururik ez

Hirugarren fasera pasatuz gero Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izango liratekeen aldaketak azaldu ditu Tapiak, erkidegoen gain geratuko baita erabakimena. Taberna eta jatetxeek, adibidez, ez dute gehienezko bezero kopururik izango eta barran kontsumitu ahal izango da, beti ere elkarren artean bi metroko tartea utzita.

Saltoki, denda eta merkataritza-guneetako edukiera %60ra handituko dute, eremu komunak eta jolas-espazioak barne. Hotel eta ostatu turistikoek %50eko edukiera izango dute espazio partekatuetan.

Liburutegietan, zinema-aretoetan, auditorioetan eta kultur ekitaldietan aforoa erdira arte bete ahal izango da. Ekitaldi itxietan, gehienez 80 pertsona, eta aire zabalean berriz, gehienez 1.000 lagun.

Udalekuei dagokienez, hemen ere gehienezko kopurua %50ekoa izango da: leku itxietan 80 pertsona gehienez, leku irekietan 200, begiraleak barne.

Garraioa %100ean berreskuratuko da.