argia.eus
INPRIMATU
Astelehenetik aurrera eskola-garraioa dute Araba eta Bizkaiko ikasleek ere
  • Hezkuntza Sailak eta garraio-enpresek elkarrizketari ekitea adostu dute, zerbitzuaren baldintzak zehazteko. Bien bitartean, enpresek iazko ibilbide berak egingo dituzte, aurreko urteko baldintza ekonomiko berberetan.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 18a
Gasteizko zenbait guraso-elkartek elkarretaratzea egin zuten ostiralean, zerbitzua eskatzeko. (Argazkia: Alea)

Astelehenetik aurrera berriro eskola-garraio zerbitzua dute Araba eta Bizkaiko ikasleek ere. Hezkuntza Sailak eta garraio-enpresek elkarrizketari berriro ekitea adostu dute, eta enpresek iazko ibilbide berak aurreko urteko baldintza ekonomikoetan emango dituzte, gaur-gaurkoz.

Elkarrizketan eskola-garraioaren baldintzak zehaztuko dituzte, zuzenketa neurriak adosteko. Era berean, Hezkuntza Sailak bete gabe geratu diren ibilbideen lizitazio-prozesua abiatuko du laster, 2024-2025 ikasturtera begira.

Ikasturte hasieran ez dute garraio-zerbitzurik jaso Araba eta Bizkaiko 7.000 ikaslek. Urte hasieran Eusko Jaurlaritzak egindako lehiaketan ibilbide asko lizitatu gabe geratu ziren: Araban ibilbideen %5 lizitatu ziren, Bizkaian bat ere ez eta Gipuzkoan %98. Hala, Hezkuntza Sailak iazko ibilbideak egitera behartu nahi izan zituen enpresak, baina haiek planto egin zuten.

Zerbitzua eskatzeko, zenbait herritan mobilizazioak egin dituzte aurreko astean, esaterako Gasteizen, Aiaraldean eta Añanan.