Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta diasporako euskaldunek. Sari-banaketa berezia izango dela iragarri dute: gaia ardatz duen bat-bateko bertso saioaren barruan egingo dute.
"Pentsiodun anitz gara astelehenero gure herrietako udaletxe aurreko plazetan biltzen garenok, baina askoz gehiago, mugimenduaren helburuekin ados egonik, berau bultzatzeko grina sentitzen dutenak", azaldu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Horietako asko euskara, kultura eta bertso munduarekin lotura dutenak direla diote eta hauen eskutik sortu dela "Bertsopentsiotan" ekimena: Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa izango dena.
Kultur ekimen honen bidez "pentsioen gaian sakondu eta gizarteratu" nahi dute: "Pentsioen gaia gizarte osoari dagokigun gaia da. Bereziki eta zuzenean guri, baina etorkizunari begira gizarte eredua definitzen duen gako nagusienetakoa da. Gizarte berdinzale baten ardatza". Lehiaketaren gaia horixe izango da: "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean da gaia. Pentsiodunen Mugimenduak astelehenero aldarrikatzen dituenak izango dira bertso jarrien gaia, bere luze-zabalean".
Hiru eta sei bertso artean idatzi beharko ditu parte hartu nahi duenak, neurri librean, eta ahal dela sortzerakoan buruan erabili duen doinua adierazita. Bertso sorta osatzeari garrantzia eman diote antolatzaileek, "hau da, lotura argia daukaten bertsoz osatutako lanak" jaso nahi dituzte.
Lehiaketaren sari-banaketa ekitaldi publiko eta zabalaren bidez egingo dutela adierazi du mugimenduak: "Parte-hartzaile guztiak gonbidatuko ditugu eta, sarituen bertsoekin batera, egun punta-puntakoak diren bertsolarien bat-bateko saioaz gozatzeko aukera izango dugu. Ez da diru-saririk izango. Sarituek euren bertsoak kantatzeko aukera izango dute", zehaztu dute.
Bertso sortak urtarrilaren 15a baino lehen bidali beharko dira posta arruntaz edo posta elektronikoz. Bertso sortak epaituko dituztenek egilearen izena ezagutu ez dezaten, jarraibide hauek eman dituzte:
"Posta arruntaz bidaltzeko, jatorrizko bertso-sorta izenburu batekin eta ezizenez sinatuta gutunazal handi baten sartuko da, egilearen datuak (izen-abizenak, herria eta kontakturako e-mail eta telefono zenbakia) jasoko dituen gutunazal txikiago batekin batera. Gutunazal txikiaren kanpoaldean sortaren izenburua edo egilearen ezizena idatzi. Helbidea: 20 posta-kutxa, Iurreta 48215 (Bizkaia)".
"Posta elektronikoz bidaltzeko, bi korreo bidali beharko dira: batean bertso-sorta izenburuarekin eta ezizenez sinatuta jasoko dituen dokumentua (PDF formatuan, ahal dela); eta bestean, sortaren izenburuari edo ezizenari dagozkion datuak, hau da, izen-abizenak, herria eta kontakturako telefono zenbakia. Posta-helbidea: bertsopentsiotan@gmail.com".