argia.eus
INPRIMATU
Astelehenean hasiko da Oreretako eta Beasaingo gazteen aurkako epaiketa
  • Iazko martxoan atxilotu zituzten Iruñean izandako liskar batzuen harira. “Desordena publiko terroristak” egotzi diete Oreretako hiru laguni eta Beasaingo bati. Espainiako Auzitegi Nazionalean izango da epaiketa, eta fiskalak zazpina urteko espetxe zigorra eskatu du guztientzat.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 18a
Oreretako gazteak

Iazko martxoan Iruñean egin zen manifestazio baten harira atxilotu zituzten lau auziperatuak. Errepresioari Autodefentsa dinamikak deituta, jende andana bildu zen manifestazioan. Liskarrak izan ziren amaieran. Hiru gaztek zortzi hilabete eman dituzte espetxean, 2017ko azaroan aske utzi zituzten arte. Bost hilabete behin behineko egoeran igaro ostean, epaiketa “bidegabea” hasiko dela esan du Patxi Petrirena gazte baten gurasoak: “Espainiako Auzitegi Nazionalera ez zuen heldu behar auziak, terrorismo kalifikazioa kentzea eskatzen jarraitzen dugu, baina kalifikazio horrekin heldu da epaiketa, horrek dituen arriskuekin”.

Zazpi urteko espetxe zigorra dago jokoan, eta horrekin batera, hamahiru urteko gaitasun gabetzea, 45.000 euroko isuna eta bost urteko zaintzapeko askatasuna da. Azken hilabeteak oso gogorrak izan direla nabarmendu dute gurasoek, eta gazteek ere jada “nahikoa” sufritu dutela: “Pentsatzen dugu nahikoa zigor bete dutela, nahikoa eta gehiegi. Baina arriskua hor dago epaitegi berezi batean epaituko dituzte. Gure ustez parametroetatik ateratzen da”.