Batasunako arduradunen aurkako Segurako sarekadan atxilotu zuen Poliziak Santesteban, 2007an, eta 918 egun eman zituen preso. Espetxearen eguneroko bizitza islatu nahi du Santestebanek bere lanean.
Urriaren 21ean abiatu zen DOC Lisboa nazioarteko dokumental jaialdia, eta hilaren 31n emango diote itxiera. Santestebanen dokumentala nazioarteko sekzioko sail ofizialean lehiatuko da, hamabi herrialdetako beste hamahiru lanekin batera. Asteleheneko 22:00etan estreinatuko dute, eta asteartean bigarren emanaldi bat izango da, 15:30etan.
Espetxearen egunerokotasuna
Santestebanek ia hiru urte eman zituen preso, 2007an Segurako sarekadan atxilotua izan eta gero. Esperientzia horretatik abiatuta, espetxearen eguneroko bizitzan zentratu du egileak bere begirada 918 gau dokumentalean. Hitz hauekin azaldu zuen bere lana, Tabakalerarako idatzitako sinopsian: “Kartzelari buruzko askotariko narratiba zinematografikoak daude; hala ere, nire ustez, beti falta dute zerbait. Irudi hauek islatzen dutena ez dira kartzelako eguneroko baldintzak, baizik eta kartzelari buruz dugun imajinario sozialak erabiltzen dituen formak (...) denboraren joana, kanpoko munduarekiko isolamendua, itxita egotearen ondorio fisiko eta psikologikoak, menderatze-espazio opakuak... Film honek gai horiek jorratzen ditu”.