argia.eus
INPRIMATU
Astelehenean egingo du lehen bilera mugimendu feministak sortutako krisi mahaiak
  • Hogei eragile sozial, politiko eta sindikal batu dira zaintza krisiaren aurrean mugimendu feministak sortu duen mahaira. Astelehenean egingo dute lehen bilera birtuala.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko martxoaren 21
Argazkia: Ecuador Etxea

Koronabirusak eragindako zaintzen kolapsoaren aurrean bere erantzukizunen kargu egin da mugimendu feminista, eta mahai teknikoa sortu du zaintza krisiaren aurrean esku hartzeko. Astelehenean eman zuten mahaia sortzeko asmoaren berri mugimendu feministako bozeramaile Silvia Rugamasek eta Josebe Iturriozek, eta astebeteko epean ekimena martxan jartzea lortu dute. Larunbatean jakinarazi dutenez, martxoaren 23ko astelehenean egingo du mahaiak lehen bilera, internet bidez. Lehen hitzordurako zeregina argi dute: mahaiaren helburuak, metodologia eta kronograma xedatzea.

Mahaia sortuko zutela abisatzearekin batera, mugimendu feministak bertan parte hartzeko deia egin zien EAEko eta Nafarroako Gobernuei, Ipar Euskal Herriko Elkargoari, sindikatuei eta alderdi politikoei. Behin interpelazioak eginda, 48 orduko epea eman zien erantzuteko. Epe tarte hori bukatua den honetan, jakinarazi dute ez dutela erantzunik jaso Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren partetik. Alabaina, beste eremu batzuetatik babes zabala jaso du ekimenak: hogei eragile sozial, politiko eta sindikal batu dira mahaira.

Parte hartzaileak

Mahaia eremu ezberdinetako talde eta norbanakoek eratuko dute. Bertan egongo dira ELA, CNT, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariak. Alderdi politikoei dagokienez, EH Bilduko legebiltzarkide ohi Oihana Etxebarrieta, Elkarrekin-Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategi eta Equoko Erika Martinez eseriko dira mahai bueltan. Gainontzeko alderdiek ez diote gonbidapenari erantzun.

Horiez gain, feminismoan adituak diren aholkulari gisa arituko dira Monika Plazaola eta Ana Gonzalez; beraiekin batera parte hartuko dute mahaian Etxebarrieta eta Gorrotxategi alderdikideek.

Eragile sindikal eta politikoez harago, “berebiziko garrantzia” daukaten eragileak ere eseriko dira mahaian. Eragile horiek ondokoak dira: Batera zaintza sare herritara, Etxekotu gabeko emakume langileak, feminista magrebtarren Ahizpatasuna elkartea eta Amuge, emakume ijitoen elkartea. Eremu anitzetako parte hartzaileak izateak ahalbidetuko dio mahaiari errealitate askotarikoak ezagutzea eta “jendarte osora iritsiko diren neurri askoz ere intersekzionalagoak planteatzea”.

Hainbat adituren izenak ere betetzen dute mahaiko parte hartzaileen zerrenda: Amaia Perez Orozco ekonomilaria, Mati Iturralde lehen arretako medikua, Bea Ilardia indarkeria matxistan berezitutako abokatua eta Jule Goikoetxea politikan aditua.

Mugimendu feministaren ordezkari gisa arituko dira Naia Torrealdai eta Josebe Iturrioz, eta koordinazio teknikoaz Zuriñe Rodriguez ikertzailea arituko da.

Mahaiari buruz gehiago jakiteko, irakurri Josebe Iturriozi egindako elkarrizketa.