argia.eus
INPRIMATU
Astelehenean 188 kasu berri utzi ditu COVID-19ak Hegoaldean: EAEn 90 eta Nafarroan 98
  • COVID-19aren agerraldi berriak ez du indarra galtzeko itxurarik Hego Euskal Herrian, ez bederen astelehenak utzi dituen datuei begiratuz gero. Ostiralean koronabirusak  utzi ostean 155 kasu berri, 256 larunbatean eta 165 igandean, astelehenean 188 berri metatu dira. EAEn behera egin baitute kutsatzeek, baina Nafarroan era deigarrian gora.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 21
Argazkia: Dani Blanco

Asteburu gorriaren ostean, astelehenean kutsatu kopuruak beherako txukuna egin du EAEn baina, aldiz, nabarmen egin du gora Nafarroan. EAEk 90 COVID-19 kasu berri ezagutu ditu 24 ordu horietan, honela banatuak:

- Araban 5: Gasteizen 3 eta Laudion 2

- Bizkaian 63: Bilbon 21, Ermuan 13, Barakaldo, Bermeo eta Muxikan 4, Abadiñon 3, Arrigorriaga, Durango, Galdakao eta Sestaon 2, eta bana Berango, Forua, Santurtzi eta Zornotzan.

- Gipuzkoan 20: Eibarren 10, Deba eta Elgoibarren 3, Zarautzen 2 eta bana Beasain eta Ordizian.

Pertsona batek eragin ditzakeen kutsatzeak estimatzen dituen R0 edo Rt indizea 2,13an dago, 2,21aren pittin bat azpitik.

Nafarroan, aldiz, igandeko kopuruak ia bikoiztu egin dira astelehenean, 98ra iritsiz (aurreko egunetako datuak, konparatzeko: ostiralean 40, larunbatean 59, igandean 51). Agintari nafartarren esanetan, atzoko 98 berri horietarik 22 dagozkio Mendillorriko fokua deitu arren funtsean Iruñeko Alde Zaharrean Sanfermin bezperan gertatutako jende pilaketa baten arrastoari, eta beste 11 Zarautzko kanpinean egondakoak dira.

Eguneko datu positiboa, berriro ere, gertatu da heriotza kopuruetan: 0 hildako Hegoaldean astelehenean.