argia.eus
INPRIMATU
Astelehena! Jai ondoko alferra

Imanol Satrustegi Andrés 2024ko irailaren 04a
Le Grand Saint Lundi (1837). Jean Wendling.

Azken urteetan, urtarrileko astelehen batez, sare sozialek eta albistegiek gogorarazten digute ipar hemisferioan urteko egunik goibelena dela. Blue Monday da, ingelesez urdin adjektiboak triste eta goibel esan nahi baitu. Teleberria betetzeko bestelako albisterik aurkitu ez duten esatariek urtero kontatzen dute zientifikoki frogatutako datua dela, kalkulatzen dena Eguberrien bukaeraren, eguraldiaren eta hurrengo oporraldirako falta diren egunak kontuan hartzen dituen ustezko formula matematiko baten bidez. Baina txatxukeria horren jatorria 2005eko publizitate kanpaina bat baino ez da, Sky Travel bidai-agentzia britainiarrarena.

Zoritxarrez langile mugimenduaren tradizioak ahaztu ditugun garaiotan, Blue Monday komertzialak itzal egin dio jatorrizko astelehen urdinari, zeina oso bestelakoa baitzen. Gutxienez Erdi Arotik dokumentaturik dago Europako artisau eta langileek, igandeko atsedena eta gero, jai-eguna astelehenera arte luzatzeko zeukaten ohitura. Astelehenetan ere atseden hartu eta festa egin nahi izaten zuten, aurreko astean irabazitako sosak tragotan eta janaritan gastatzeko. Ohitura hori aski zabaldua zegoen eta nagusien diziplina zorrotzaren aurkako erresistentzia keinu bat zen. Alemanian Blauer Montag (astelehen urdin, hain zuzen) esaten zioten eta beste hizkuntza batzuetan San Astelehen ospakizuna esaten zitzaion (San Lunes, Saint Lundi, Saint Monday, ...). XX. mende hasieran oraindik, hainbat tokitan ohikoak ziren horrelako parrandak. EP. Thompsonek esaterako, astelehenetan lan ez egitearen inguruko ohiturak, anekdotak eta kantuak jaso izan zituen, XVIII. eta XIX. mendeko langile klasea ikertzerakoan.

Astelehen urdina: ospakizun eta desobedientzia zena, egun goibel eta deprimentea bilakatu dute. Blauer Montag zaharra ihes bat zen; Blue Monday berriak, aldiz, egoera onartzera kondenatzen gaitu eta apatiara lotzen. Urteko astelehenik tristeena dela gogorarazten digute, baina ez gara iruzur egin eta eskapatzeko gauza; kapitalaren uztarpetik ihes egiteko esperantzak galdu bagenitu bezalaxe. Zalantza dut, ordea. Zuen ustez zein da astelehenik goibelena urtarrilekoa ala irailekoa? Orduko langileek bezala, oporraldia luzatuko nuke; baina ez egun bakar batez, hilabete oso bat baizik! Gora astelehen urdinak!