argia.eus
INPRIMATU
Asteburuko eraso sionistak eta horien gaineko hedabideen manipulazioa salatu dituzte Bilbon
  • Asteburuan Bilbon izan dira Hapoel Holon saskibaloi-talde israeldarra eta haren jarraitzaileak, eta israeldarren eta herritarren artean jazotako istiluak izan dira albiste. Asteazkenean, Bilbo Zaharreko eta Alde Zaharreko bizilagunek elkarretaratzea deitu dute, gertakizunen gaineko beren kontakizuna plazaratzeko. Eraso sionista eta faxisten aurrean erantzuteagatik hainbat hedabide herritarrak kriminalizatzen saiatu direla salatu dute, baita eraso horien aurrean Poliziak ez esku hartu izana ere. Bilboko Udalari gertakizunen gaineko erantzukizuna hartzeko eskatu diote.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko maiatzaren 12a
Argazkia: Ecuador Etxea

Asteazken arratsaldean, Bilbo Zaharreko eta Bilboko Alde Zaharreko auzokideek deituta, elkarretaratzea egin zuten San Anton zubian. Igandeko istiluetan Hapoel Holon saskibaloi taldearen jarraitzaile israeldarrek gogor kaltetutako Amets tabernaren parean bildu ziren hainbat pertsona, eta 19:00ak jotakoan errepidea moztu zuten "egun hauetako gertaeren eta esan ez denaren aurrean" beren kontakizuna plazaratzeko.

Izan ere, hori izan da salatu duten gauzetako bat: zenbait hedabidek asteburuko gertakizunei buruz hedatu duten kontakizuna, eta kontakizun horrekin sionistei aurre egin dieten auzokideak kriminalizatzeko saiakera. El Correo egunkariak publiko egindako albisteari erreferentzia zuzena eginez, auzotarrak "propalestinar erradikaltzat" jo izana deitoratu zuten. Horren aurrean, hala mintzatu dira: "Ez, jaunok. Auzokide solidarioak gara, eta ez ditugu bidegabekeriak onartzen, ez eta rol joko honetan esleitu nahi zaigun papera ere. Antolatuta egoteko eta instituzioen edo basati faxista edo sionisten erabakietatik defendatzeko asmoa alde batera uzten ez duten auzoak gara".

Beraiek egin dutena palestinar herriari elkartasuna adieraztea eta erasoen aurrean defendatzea besterik ez dela izan adierazi dute. Auzo gisa dituzten balioen artean garrantzitsuenetako bat elkartasuna izanik, "estatu sionistako talde honek asteburua gure artean igaroko zuela jakin genuenetik, Palestinako okupazioari normaltasuna emanez, herri honen borrokari ikusgarritasuna ematea erabaki genuen". Hala, hainbat taberna eta kultur-gunek Palestinako bandera zintzilikatu zuten, eta israeldarren bisitaren aurrean mobilizazioak deitu ziren ostiral zein igandean. Istiluak Hapoel Holonen jarraitzaileek hori jasan ezin izan zutelako gertatu zirela azaldu dute.

Salatu dute, baita ere, Bilbon egon diren bitartean "bai udaltzainek bai ertzainek eman dieten zigorgabetasun guztiarekin" egin dietela eraso herritarrei sionistek. Eta ildo horretan, galdegin dute zein ekarpen egiten dioten hiriari Saskibaloiko Champions League-aren Final Four-a bezalako ekimenek, eta horrez gain, zer dela eta jokatzen duen Asiako talde batek Europa mailako torneo batean. "Estatu sionista ez da Europa", gogorarazi dute, ulertzera emanez Israelen parte hartzearekin Palestinaren okupazioa normalizatzea bilatzen dela.

Beren bizipenak eta kontakizunak plazaratuta, elkarretaratzea ixteko Bilboko Udalari eskatu diote har dezala gertakizunen gaineko erantzukizuna eta eraso sionistak eta faxistak jasan dituen herritarren aldeko jarrera. Beren aldetik, auzo gisa ezein erasoren aurrean autodefentsaren hautuan berresten direla jakinarazi dute.

 

 

 

Gertakarien kronologia

Asteburuan jazotako gertakarien gainean nagusitu den kontakizunaren aurrean, beren kontakizuna entzunarazteko beharrizana mamitzen joan da herritarren artean. Behar horri erantzun dio asteazkeneko agerraldiak, baita asteartean AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak egindako gertakarien kronologiak ere. “Udalaren gezurren eta intoxikazio mediatikoaren aurrean, gertatutakoa errepasatuko dugu. Ez da kontatu dizuten moduan gertatu!”, ohartarazi dute.

Twitterreko hari batean jaso dituzte egunez egun gertatutakoak. Bertan kontatu dute Hapoel Holonen jarraitzaileak sinbologia sionistarekin ibili zirela heldu zirenetik, eta bilbotarrek palestinar herriari erakutsitako elkartasun keinuen aurrean probokazioari ekin ziotela, istiluei bide emanez. Besteren artean, seinalatu dute israeldarrek igandean Nix hoteletik abiatu zutela manifestazioa, gogoraraziz “sionistek kudeatutako eta finantzatutako israeldar hotela dela”.

Gertakizunen nondik norakoak xehetasun gehiagorekin ezagutu daitezke hari honetan: