argia.eus
INPRIMATU
Larunbateko bortxaketaren aurrean Iruñea ez da isilik geratu
  • 22 urteko emakume batek salatu du indarrez etxera eraman eta bortxatu egin dutela Iruñean. Ustezko erasotzailea  atxilotu eta espetxeratu egin dute.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko abenduaren 09a
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea. (Argazkia: www.goiena.eus)

Erasoa salatzeko deia egin dute Udaleko talde guztiek baita talde feminista batzuek ere, Berriak argitaratu duenez. Elkarretaratzea egin dute astearte eguerdian udaletxearen atarian (argazkia: Berria).

Hiltzeko mehatxupean bortxatua

Larunbat goizean jarri zuen salaketa emakumeak. Poliziei azaldu dienez, ezustean eraso zion gizonak 06:00ak aldera hiltzeko mehatxupean.

Ondoren, bere etxera joanarazi zion oinutsik, andrea bizi den lekutik 400 bat metrora (Ermitagaña auzora).

Bertan, behin eta berriro eraso zion eta bortxatu egin zuen. Ordu batzuk igarota, emakumea bizi den etxera eraman zuen erasotzaileak, eta eraso egin zion han berriz.

28 urteko gizona da ustezko erasotzailea eta aurrekariak ditu “idarkeria delituengatik”, nahiz eta, ez den zehaztu horien artean emakumeen aurkako indarkeria kasurik ote dagoen.

“Ez da kasu bakartua”

Iruñeko Bilgune Feministaren hitzetan, asteburuan Iruñean gertatutako erasoa "ez da kasu bakartua", haren ustez “gizarte arazo baten ondorio zuzena da".

Bilgune Feministaren iritziz, indarkeria matxistaren oinarrian badaude beste zenbait indarkeria mota hain erraz antzematen ez direnak eta ohartarazi dute horien artean honako jokabideak daudela: “Jazarpenak, onarpenik gabeko sexu harremanak, indarkeria psikologikoa, txantaje emozionala, kontrola…”.

Iruñeko Bilgune Feministak “egunero egunero” indarkeria ororen aurka borrokatzera deitu du.