argia.eus
INPRIMATU
Elena Gorostitza, Nafarroako Ospitale Guneko erizain laguntzailea
“Asteburuetan lan bolumena berdina da, baina langile gutxiago gaude”
  • Urte luzez darama Nafarroako Ospitale Gunean lanean Elena Gorostitzak. Erizain laguntzailea da, eta paziente kronikoak artatzen ditu. Ez ditu bere benetako izen-abizenak eman nahi badaezpada ere. Osasunbideako lan baldintzak hobetu behar direla azpimarratu du: “Gure lanak zuzenean eragiten du pazientearenganako arretan”.

Olaia L. Garaialde 2022ko azaroaren 11

Astelehenetik ostiralera, lau erizain, eta bi erizain laguntzaile egoten dira goizetan, eta erizain laguntzaile bakoitzak bederatzi paziente inguru ditu. “Goizean goiz izaten da momentu kritikoena, gauza asko egin behar ditugulako, baina ezin ditugulako oso goiz esnatu lo egin nahi dutelako”. Arratsaldetan, lan gutxiago dutenez, lau erizain, eta hiru erizain laguntzaile daude. “Lehen bi erizain laguntzaile geunden, asko borrokatu dugu hirugarrena lortzeko”. Gauetan bi egoten dira.

Asteburuetan ordea gutxiago daudela salatu du: goizetan hiru, eta arratsaldetan bi: “Asteburuetan lan bolumena berdina da, baina langile gutxiago gaude, eta horrek estres handia eragiten du; asteburuetan lan egiten dudanean beti beldurrez noa”. Azpimarratu du etengabe lanean daudela, eta iritsiko ez direla sentsazioarekin lan egiten dutela: “Saiatzen gara pazienteei zuzenean eragiten dizkieten gauzak lehendabizi egiten arretan ez eragiteko, baina horren ondorioz gauzak pilatzen dira”. Pilatutako lan horiek hurrengo txandan lan egiten duten lankideei eragiten diela dio.

Pazienteak “gehienetan” egoeraz ohartzen direla esan du, eta hortaz, “pazientzia handia” dutela: “Batzuk haserretzen dira, eta gaizki hitz egiten digute min handia dutelako edo premia handia dituzten beharrak dituztelako”. Pazienteenganako arreta “ona” izateko elkarlanean eta koordinatuta lan egin behar dela uste du: “Indibidualismo handia ikusi dut gure artean, asko soilik berain funtzioetara mugatzen dira ondokoa lagundu beharrean”.

Hiru goiz, bi arratsalde, eta gau bat egiten du lan. Txandaka lan egiteak ere “estres handia” eragiten duela esan du: “Esaten dute horrela direla estresa murrizteko, baina niri kontrakoa eragiten dit”. Horrez gain, nabarmendu du kontziliazio familiarrerako “oso txarra” dela: “Egun bakoitzean ordutegia aldatzen denez ezin duzu ikastaroetan izena eman, ikastaroen erdia galtzen duzulako; haurrak dituzten gehienek murrizketa eskatu dute haurra zaindu ahal izateko, eta beste norbait zaindu behar baduzu ere oso zaila da”. Gaineratu du, ia asteburu guztietan lan egiten duela. “Gogoan dut ama asteburuetan zaintzea oso zaila zela”.

Horrez gain, mailaz igotzea ere aldarrikatzen dute; C maila eskuratu nahi dute. Horrek suposatuko luke soldata igotzea, eta egiten duten lana aitortzea. “Formakuntzarik ez dutenak gure mailara igo dituzte; ez da zilegi gu ez igotzea, eta gure lana ez aitortzea”.

Gaineratu du, oraindik ere sektorea “oso feminizatua” dela: “Amorrua ematen dit, oso gizon gutxi daudelako, baina jendeak izugarri eskertzen dielako. Ematen du emakumeok egin behar dugula guri dakigulako, eta gizonek egiten badute txalotu beharra dagoela”. Horrez gain, geroz, eta gazte gutxiago daudela esan du: “Zaharrak gara gehienak, eta gainera, behin behineko kontratua dugu gehienek”.