Asteburuan "EH ez da salgai", "Herriak bizi behar du" eta "Arnas berri" dioten margoketak egin dituzte Senperen. Azken asteetan Ipar Euskal Herrian etxebizitzen espekulazioa salatzeko ekintza gehiago ere egin dituzte, eta Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu du ekintzen arteko loturarik ote dagoen aztertzeko.
Pintaketak egin dituzte Senpereko Immo Conseil eta Donibane higiezinen agentzietan, asteburuan. "EH ez da salgai", "Herriak bizi behar du" eta "Arnas berri" diote margoketek.
Apirilean ere Donibane agentziaren kontra gisa horretako margoketak egin zituzten, Ziburun. Garai bertsuan, Azkainen epe laburreko alokairuen etxe batean ere antzeko ekintzak egin zituzten. Baionako prokuradoreak Mediabasken azaldu duenez, ikerketa abiatu du ekintza ezberdinen artean loturarik ote dagoen aztertzeko.
200 urteko baserria milioi bat eurotan
Donoztirin, berriz, 1830ean eraikitako baserri bat 1.270.000 eurotan dago salgai, abendutik. Prezioa salatzeko, ekintza antolatu du Auziak Arberoa Lurra eta Etxebizitza Kolektiboa espekulazioaren aurkako kolektiboak. Maiatzaren 18an, 11:00etan, mobilizazioa egingo dute, Lurra lan tresna eta bizi leku bat da. Espekulazioari ez! lemapean. Donoztirik 411 biztanle ditu, eta Arberoako ibarrean (Behe Nafarroa) dago.