argia.eus
INPRIMATU
Asteburuan Espainiako Armadako gerra-ontzi bat Getxon porturatuko dela salatu du EH Bilduk
  • Aste-akabu honetan, Espainiako Armadako Mendez-Nuñez izeneko fragata helduko da Getxoko gurutza-ontzien terminalera. Hala, maiatzaren 6tik 8ra bitartean, itsasontzi horrek bere ateak irekiko ditu publikoki. Horren aurrean, Getxoko EH Bilduk deitoratu du bisita hori "gerraren apologia" egiteko etorriko dela gurera.

Hiruka .eus Iker Rincon Moreno 2022ko maiatzaren 05

Getxoko EH Bilduk salatu du Espainiako Armadako Mendez-Nuñez gerra-ontzia Getxon porturatuko dela aste-akabuan, "gerraren apologia egiteko asmoz". Hala, ildo horretan, koalizio abertzaleak adierazi gura izan du ez dutela horrelako gerra-ontzirik onartzen: "Horrelako ontziak gerra, heriotza, bidegabekeria eta miseriaren kausa eta irudi dira. Getxon ez dugu Espainiako armadaren erakustaldi militarrik nahi eta horrela adieraziko dugu instituzioetan eta kalean".

Egoera horren aurrean, EH Bilduk ekimenak antolatuko ditu erakundeetan eta kalean. Getxoko Udalari dagokionez, bozeramaile batzordea batzea eskatu dio Udal Gobernuari, gerra-ontziaren bisitaren kontrako adierazpen instituzionala onartzeko. Horrez gain, Udalari eskatuko dio harremanetan jartzeko Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioagaz, "horrelako bisitarik ez dugula nahi adierazteko eta etorkizunean bisita berriak ekiditeko".