Mezu matxista, arrazista eta xenofoboz josi dituzte asteburuan Debako hainbat pareta, baita herriko alkate Gillen Garcíari zuzendutako mehatxuekin ere. Gertakariaren aurrean, hainbat herritarrek gaitzespena adierazi dute astelehenean.
“Arrazismoari, matxismoari, faxismoari, xenofobiari ez” lemapean egin zuten elkarretaratzea astelehenean, Debako plazan. Ehunka pertsonak salatu dute gertakaria, baita EH Bilduko alkate Gillen Garcíari babesa helarazi ere. Mugimendu feminista, migratzaileak eta atzerritarrak miran jarri dituzten pintadek herriko alkatea ere mehatxatu dute: “Gillen, itxi meskita. Lehen abisua”, zioen esaldietako batek.
Pintadek jomugan jarritako hainbat kolektibok hitza hartu eta idatzi bat irakurri zuten elkarretaratzean, gertakariaren aurrean jasotako elkartasuna eskertuz. Elkarbizitzaren alde eginez, argi adierazi zuten Deba herri anitza dela, eta ez dutela “pintada, jarrera eta mehatxu faxista, arrazista edota matxistarik” onartuko.
Debako Udalean ordezkaritza duten alderdiak ere bildu ziren gertakariaren harira. Adierazpen bat onartu zuten, zeinak gertakaria gaitzetsi eta iraindutako kolektibo zein norbanako orori babesa helarazten dion. Deba herri anitza dela azpimarratu du udalak ere, eta azpimarratu herritar ororen eskubideak babesten jarraituko duela.