argia.eus
INPRIMATU
Asteburuan Bilgune Feministaren urteurrena ospatu dute Oñatiko topagunean
  • ‘Eztandak dardara gaitzala’ lemapean egin dute Euskal Herriko Topagune Feminista, ekainaren 11n eta 12an. Bilgune Feministaren sarea indartzea helburu, hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egin dituzte asteburuan, baina batez ere ospakizunari eman diote garrantzia: 20 urteko ibilbidea ospatu dute, aldarrikapenez gain festarako tartea hartuta.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 13a
Bilgune Feministaren 20. urteurrena ospatu dute Topagune Feministan. / Argazkia: @etxebe_2

Oñatin elkartu dira Euskal Herriko feministak ekainaren 11n eta 12an, Bilgune Feministak antolatutako topagunean. Eztandak dardara gaitzala izan dute lema, eta jardueraz bete dute asteburua. 20. urteurrena ospatu dute eta berretsi sorrerako gogo berberarekin segitzen dutela.

Hainbat tailer eta hitzaldiz gain, kontzertuak eta jai giroa ere izan dituzte Oñatin. Bizitzak erdigunean jartzea burujabetza kontua da “mahai-inguru ibiltaria”rekin ekin zioten asteburuari larunbat goizean. Hasieratik izan duten xedeaz jardun zuten: Burujabetza Feminista. Bazkalostean tailer eta hitzaldi ugari egon ziren, hausnartzeko, ikasteko, eta iritziak zein jakintzak elkarbanatzeko.

Musika, bertsoa, antzerkia, dantza, soinua… presente izan ziren tailer eta emanaldietan. Halaber, Estallidos liburua aurkeztu zuten, eta Arantza Santestebanen hitzartzearekin 918 filma ikusi zuten. Feminismotik hainbat gai landu zituzten: zisheteroaraua, gatazkaren ikuspegi feminista, zaintza, ekofeminismoa, intersekzionalitatea, eta beste. Bertaratutako guztiak elkartu ziren 21:00etan, ekitaldi nagusian. Ondoren festarako aukera izan zuten talde hauen erritmoan: Ginger (Zarauzko punk taldea), IRA (Madrilgo rap taldea), Chocolate Remix (Argentinako reggaetoi taldea) eta gaua bukatzeko DJ Miau (euskal herritarrak).

Artisau azoka eta Anari, ixteko

Igandean goizean Dinagu emakume artisauen kolektiboak azoka ipini zuen, eta pilota tailerra ere izan zen. Eguna amaitzeko eta horrekin aurtengo topagunea, bazkari herrikoiaren ostean Anarik kontzertua eman zuen. Hortaz, Topagune Feminista hausnarketarako gunea izan da, baina azpimarratu dutenez, bereziki feministak saretzeko eta ospatzeko asteburua izan da.

Irakurri Jenofa Berhokoirigoinek 20. urteurrenaren harira Bilgune Feministako generazio ezberdinekin eginiko elkarrizketa: "Bageneukan iparra, baina beste jira bat ematera ausartu gara etengabean"