Hernaniko udalak "Andre kalea" izena itzuliko dio ofizialki larunbatean herriko kaxkoko kale nagusietako bati. Etxetik aulkiak jaitsi eta elkarrekin kalean lan eta jolas egiten zuten haiei leku egingo die izendegiak.
12:00etan hasiko da ekitaldia orain arte "Kardaberaz" idatzita eraman duen kalean. Balkoitik ariko dira kantari herriko bertsolariak eta Joxepa Matea Zubeldiaren bertsoak ere kantatuko dituzte (ARGIAk kaleratutako "Bidea urratu duten bertsoak" liburuxkatik). Batukadaren erritmora pintxo poteak hartuko du kalea.
Beti deitu izan zaio hala
Udal artxibategiko dokumentuen arabera, 1896an Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei gomendatu zien kaleetako errotulazioak euskaraz eta erdaraz emateko. Horren aurrean Hernaniko udalak erabaki zuen bi izendapen ofizial ematea kale honi: Andre-kalia euskaraz eta Urumea erdaraz. 1900 Urumea soilik deitzea erabaki zen eta 1927an Padre Cardaveraz. Azkenik, 1988an Kardaberaz kalea jarri zitzaion. Baina herriko helduenei oraindik "Andre kalia" entzungo diezu.
Zergatik Andre kale?
Herriko bizitza kaleka antolatzen zela esan liteke: Kale Nagusian denda dotoreak zeuden eta ongi jantzitako jendea ibiltzen zen bertan. Andre kalea, aldiz, emakumeek lan egiten zuten kalea zen. Hernaniko etxeen berezitasuna da bi kaleetara ematen dutela portalek, eta horrek pentsatzera garamatza eremu publikoa eta pribatua bereizteko-lotzeko funtzioa zutela. Emakumeek etxetik aulkiak jaitsi eta kalean elkarrekin lan egiten zutela esaten da. Lan horien artean bat Leokako labaderoan lixiba egitea zen, etxekoen arropa eta diru truke aberatsena joz. Lanean bakarrik ez, karta jokoan ere aritzen omen ziren emakumeak Andre kalean.
Generoaren baitan sailkatutako eguneroko jarduera publikoa eta pribatua kaleen antolaketarako irizpidea izan zitekeen, beraz. Kale Nagusia gizonena, Andre kalea emakumeena, eta Atzieta kalea abereena.
Igandean "Bertsolaritzaren Sekretuak", 19:00etan Kultur Etxean
"Asteburu morea" izendatu zitekeen honakoa Hernanin. Korrika Kulturalaren baitako emanaldia estrainekoz eskainiko baita bertan. Antzerkia, musika eta bertsoa uztartuko dituen ikuskizunak isildurikoen historia argitara ekartzea du xede. Emakume haiek bizi izandako egoerak ekarriko dizkigu denboran atzera eta aurrera eginez. Hurrengo emanaldiak:
Otsailaren 26an, Iruñean. Nafarroako Antzerki eskolan, 20:00etan.
Martxoaren 7an, Mungian. Olalde aretoan, 20:00etan.
Martxoaren 8an, Elizondon. Arizkunenea aretoan, 19:00etan.
Martxoaren 12an, Baionan. Kalostrape ostatuan, 19:30ean.
Martxoaren 14an, Eskoriatzan. Zaldibar antzokian, 22:30ean.