argia.eus
INPRIMATU
Asteburu honetan ospatuko dute Literaturia Zarautzen
  • Ostiral honetan hasi eta igandera arte egingo da Zarautzen Literaturiaren 10. edizioa. Lege Zaharren Enparantzan irekiko da karpa nagusia eta bertan aurkeztuko dira hamabost bat liburu. Doinuele Euskarazko Plazen sorrera dela eta, aurtengoa berezia izango dela iragarri dute.

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 04a
Literaturiaren iazko une bat. (Argazkia: @iPatxi)

Beste hainbat ekitaldi egingo dira, besteak beste mahai-inguruak edo kultur ekitaldiak. Maiatzaren 5ean 20:00etan Jon Benito idazleak manifestuarekin emango dio hasiera edizio honi. Ondoren, Azken oturuntza ikuskizuna eskainiko dute Aner Euzkitze, Leire Vargas, Oihana Arana eta Haizea Aranak, Modelo aretoan. Sarrerak zortzi euro balio du.

Larunbatean irekiko da azoka Lege Zaharren Enparantzan, eta aitortza egingo zaio Iruñeko Karrikiri elkarteari, urteetan euskal literaturaren eta kulturaren alde egindako lanagatik.

12:30ean, Modelo aretoan, Erreteneko kronikak emanaldia izango da Lanartea Euskararen Profesionalen Elkarteko kideen eskutik, eta jarraian, mahai-ingurua egingo dute Amagoia Gurrutxaga, Koldo Izagirre, Eneritz Artetxe eta Ainara Azpiazu Axpi-k, elkartearen borroken inguruan mintzatzeko.

18:00etan, Hitz esana performance poetikoa eskainiko dute Ane Garcíak eta Eider Pérezek Modelo aretoan. Eta 20:00etan, Kalakan musika taldeak emanaldia eskainiko du.

Gaztetxoenentzat larunbatean, 11:00etan, Basoko sekretuak ipuin kontaketa musikatua izango da Etxezabala aretoan, Amaia Elizagoien eta Irati Celestinoren eskutik.

Igandean, 11:00etan, 1545 argitaletxearen Mare liburuaren errezitaldi musikatua izango da Modelo aretoan. Jon Martinek gidatuko du emanaldia, eta Iñigo Martínez, Ana Galarraga, Udane Juaristiz eta Zarauzko sei ikasle gazte arituko dira poemak irakurtzen, Idoia Asurmendi musikariak lagunduta.

12:30ean Bihurguneak eta bideak elkarrizketan izenpean, Itziar Ugarte, Uxue Apaolaza eta Ines Osinaga batuko dira mahai-ingurura.

Horiek ekitaldi nagusiak, informazio zehatzagoa nahiko balitz, kontsulta daiteke Literaturia.eus-en edo aurtengo edizioa aurkeztu genuen albistean.