argia.eus
INPRIMATU
Asteburu honetan hasiko da Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa
  • Datorren ostiralean, hilaren 7an, Bardoak Nafarroako taldekako bertso txapelketaren bigarren edizioa hasiko da Lesakan. Apirilaren 12ko finala bitarte, mota guztietako 23 saio izango dira ikusgai Nafarroako hainbat txokotan. 

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 05a
Bertsolariak Bardoak 2012 edizioko saio batean

Ekimena indartsu dator, duela bi urteko edizioan baino bertsolari gehiago aterako baitira Nafarroako plazetara. 16 taldek hartuko dute parte, guztira 110 parte-hartzailerekin. Taldeak bertsolari esperientziadunek zein hasi berriek, aurkezleek eta ordezkariek osatuko dituzte.

Bardoak ekimen berezia da. Taldekako txapelketa bada ere, lehia ez da proiektu honen helburu nagusia, bertsozaleen harrobia berritzea eta bertsolaritza beste modu batean landu eta disfrutatzeko aukera ematea baizik, bertsolaritza gozamen gisa eskainiz.

Hamasei taldeek bost ligaxkatan banatuta ekingo diote lehen faseari. Horietatik seik egingo dute aurrera bigarren fasean eta apirilaren 12an Lesakan jokatuko den final handirako hiru talde baino ez dira sailkatuko.

Saioak

Elkarte girokoak izango dira, hurbilak eta kalitatezkoak. Bazkari, merendu, afari edo bestelako ekitaldiekin osatuko dira. Nafarroa osoko elkarte, gaztetxe eta ostatuetan egingo dira saio horiek: Lesaka, Zubieta, Erratzu, Otsagabia, Leitza, Arbizu, Iruñea, Bera eta Gaintza herrietara bertaratuko dira bertsolariak lehenengo fasean.

Finala

Lesakako frontoian jokatuko da eta arratsaldeko saioa izango bada ere, Bardoak 2014ko finalak lehiaz haratago dagoen bertsolaritzaren festa izaten jarraitu nahi du, apirilaren 12a egun osoko besta eguna bilakatuko da, duela bi urte Leitzan lehen edizioan gertatu zen bezala.

Informazio gehiago

Bardoak 2014ko informazio osoa eta eguneratuta Bertsozale webgunearen barruan sortu den atalean egonen da. Bertsoa.com atarian ere saioetako bideoak izanen dira ikusgai.