argia.eus
INPRIMATU
Asteburu honetan euskarazko liburu eta diskoen azoka Lazkaon, Ataunen eta Seguran
  • Azoka hauetara doan edonork izango du %15eko deskontua bertan erosten dituen liburu eta diskoetan. Hiru herri hauetako udalek hartzen dute beren gain herritarren deskontu hau. Giro ederra ziurtatuta egongo da hiru herri hauetan, kultur ekintzak, liburu aurkezpenak eta hainbat kale animazio antolatu baitituzte.

ARGIA @argia 2023ko abenduaren 14a

Seguran eta Ataunen ez dago liburu dendarik, beraz, azoka hau da herritarrek bertan liburuak eta diskoak eskuratzeko duten urteroko aukera. Lazkaon Gerriko liburu-denda dute eta bertatik hornitzen dituzte hiru azoketan mahai gainetan ikusgai egongo diren euskarazko liburuak eta diskoak.

35. azoka da Lazkaon antolatuko dena. Ostiralean 16:30etatik 20:00etara egongo da zabalik. Larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta igandean 11:00etatik 14:00etara. Lazkaoko azokari bukaera herriko bandak emango dio, Gabonetako kontzertuarekin.

Seguran azoka Botikaxahar aretoan izango da. Ostiralean, azoka zabaltzeko ekitaldia egingo dute eta herriko koruaren emanaldia. Larunbatean 11:00etatik 14:30etara eta 17:00etatik 20:30etara egongo da zabalik. Igandean, 11:00etatik 14:00etara egongo da azokan erosteko aukera.

Ataungo azoka Herri Antzokian izango da, San Martin auzoan. Ostiralean 18:00etatik 20:00 arte irekiko dute azoka. Larunbatean eta igandean 10:00etatik 14:00ak arte egongo da azoka zabalik. Larunbatean, 12:00etan Castillo Suárezek Alaska poesia liburua aurkeztuko du. Igande eguerdian Miriam Lukik Argialdiak liburua aurkeztuko du.

Joxepa Madariaga Lazkaoko Gerriko kultur elkarteko bazkidea da eta gure galderei erantzun die azokaren bezperako egun lanpetuan:

 

Lazkaoko azokaren aste osoko egitaraua.

Aurten lehenengoz ez da gaztelerazko libururik salgai egongo azokan. Nola eman duzue pauso hori?

Orain arte ere liburu gutxi dira gazteleraz salgai jarri izan ditugunak, sukaldaritza eta mendia gai zutenak. Doinuele Euskara Hutsezko Plazen Sareari esker eman dugu pausoa, Doinuelen oinarri gisa duguna herrian planteatu genuen eta erabaki genuen guk ere kendu egin behar genituela: sukaldari batek ateratzen duen erdarazko liburuari zergatik eman behar diogu lehentasuna azokan salgai jarrita, eta ez eleberri bat erdaraz ateratzen duen herritar bati? Garbi ikusi genuen erderazko liburu guztiak atera behar genituela azokatik. Liburudenda plazan bertan dago eta gazteleraz nahi duenak bertan erosi dezala, baina azokak duen %15eko deskonturik gabe.

Zein dira aurtengo berezitasunak?

Aurkezpen dexente jarri ditugu, ia denak gazte eta helduei zuzendutakoak. Aurkezpen formato anitzak erabili ditugu: Gerriko liburudendan egin direnak laburrak eta familia-girokoak izan dira, irakurtzeko gogoa pizteko helburuarekin. Udal liburutegian eta Gerriko elkarte gastronomikoan aurkeztu direnak gazteei zuzendutakoak izan dira, eskola ordutan, irakasleekin batera entzun dituztenak. Azkenik, ostiraletik igandera, azokan bertan egingo dira liburu aurkezpenak, frontoian, megafoniarekin.

Urtero egiten dugun moduan, aurkezpen denak dira inguruko idazleenak: Aitor Arana legazpiarrarena, Patxi Zubizarreta ordiziarrarena, Xabier Mendiguren beasaindarrarena, Laida Ruiz lazkaotarrarena, Irati Goikoetxea beasaindarrarena, Amaia Telleria Idiazabalgoarena, Eneko Aizpurua lazkaotarrarena...

Laida Ruiz azpimarratuko nuke, ilustratzailea da eta ilustrazioei bere lekua eman nahi diegu azokan.  Uste dut orokorrean garrantzia hartzen ari direla, orain arte ilustratzaileak idazleen itzalean geratzen ziren, eta bere lekua hartzen ari dira.

Herriko eragileek ere parte hartzen dute azokan...

Ikastolak Bigarren Eskuko Jostailuen Merkatu Txikia antolatzen du, eta frontoian egongo dira haiek ere jostailuak saltzen. Hor ateratzen duten dirua Ruandara bideratzen dute.

Batxilergoko ikasleek ikas bidaiarako dirua lortzeko pintxoen eta txokolate beroaren postua jartzen dute azokan.

Larunbatean eta igandean, Lazkaon dagoen Biziolan Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizle txikien azoka antolatu dute Dinagu kolektiboak eta Biziola kooperatibak elkarlanean.