argia.eus
INPRIMATU
Libertimenduaren garaiari asteburu honetan emanen diote hasiera
  • Luhuson eginen dute aurtengo lehen libertimendua igande honetan. Ondotik, Amikuzeko, Garaziko, Irisarriko eta Esnazuko gazteek ere dute hitzordu hori biziaraziko. Iruñean ere errepikatuko dute hitzordua aurten ere.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 06a
Libertimendua, Donibane Garazin

Otsailean sartu gara eta iritsi zaigu Libertimenduaren aroa. Azken hilabeteetan ikusgarria sortzen, lantzen eta errepikatzen aritu ondoan, Luhusoko plazara aterako dira otsailaren 9an inguruko gazteak. Zerrenda luzeño baten hastapena, ondotik etorriko direlako beste batzuk: Amikuzen otsailaren 16an, Garazin otsailaren 23an, Irisarrin otsailaren 29an eta Esnazun martxoaren 1ean.

Dantza, herri antzerkia eta bertsoaren bidez, libertitzeko eguna izaten da Libertimendua. Mugarik gabeko kritikak botaz, botere harremanak iraultzeko xedez dabil Libertimendua.

Iruñean, otsailaren 23an

Aurten ere egingo dute Libertimendua Iruñea hirian. Iaz egin zuten lehen adikoz eta partehartzaileek gozamen handia harturik eta ikusleen plazera ere sorturik, errepikatzea erabaki dute. Hitzordua otsailaren 23an dute finkaturik.