argia.eus
INPRIMATU
Asteburu honetan maskaradei agur Barkoxen, eta hurrengo astean ongi-etorri Atharratze-Alozen
  • 2021eko Maskaradak bukatu orduko hasiko dira 2022koak. Izan ere, pandemia dela-eta Barkoxeko gazteek inauteriak neguan ospatu beharrean udan hasi zituzten iaz, eta urtarrilaren 8an Barkoxen emango diote amaiera. Astebete beranduago, urtarrilaren 16an, abiatuko dira Atharratze-Alozeko maskaradak. Ondo bidean, hamabi herritan emanaldia eginez, Gamere Zihigan bukatuko dira, apirilaren 17an. Dantzan.eus-ek argitaratu du informazioa.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 04a
2020ko maskarada. Argazkia: inauteriak.com.

Hona hemen duzue 2022ko maskaraden egutegia:

Urtarrilak 16, igandea: Atharratze

Urtarrilak 22, larunbata: Pagola

Urtarrilak 29 edo 30 (data zehazteke): Lexantzü

Otsailak 6, igandea: Barkoxe edo Altzürükü

Otsailak 13, igandea: Barkoxe edo Altzürükü

Otsailak 26, larunbata: Santa Grazi

Martxoak 6, igandea: Muskildi

Martxoak 12, larunbata: Idauze

Martxoak 19, larunbata: Ainharbe

Martxoak 26, larunbata: Aloze

Apirilak 10, igandea: Iruri

Apirilak 17, igandea: Gamere-Zihiga

Manexentzako gida

Aritz Ibañez Lusarretak umore handiz kaleratu zuen 2014an Manexaren gida: 10 gomendio Maskaradetan ez galtzeko dekalogoa, Dantzan hedabidean. Hona garatzen dituen hamar puntuak:

1. Onartu dezagun: manexak gara behe laino artean.

2. Gogoratzeko ohar mentala: herri txiki bat da Zuberoa.

3. Ez fidatu mundua onen eta txarren artean banatzeko ohituraz.

4. Urdiñarbe, Larraine edo Santa Grazin, ikusi bezala egin!

5- Ikuskizunari adina erreparatu batzar zeremonialari.

6- Xiberoko eüskara düzü.

7- Ofizioak ezagutu.

8- Godalet-dantza, mito hori.

9- Non eseri ongi pentsatu...

10- Berriz manexlandiara!

Maskaradetako bost ofizioak

Ibañezen gida horretatik, Maskaradetako bost ofizioak ekarri ditugu artikulu honetara. Hauetatik zein ezagutzen dituzu?

 

- Marexalen ofizioa. Marexalak ferratzaileak dira. Zamalzaina ferratu behar dute. Lehenengo hanka bat ferratzen diote, eta orduan zamaltzaina herrenka ibiliko da. Bi hankak ferratu ondotik, jauzi harrigarriak egingo ditu.

- Khestuen ofizioa. Zikiritzaileak dira kerestuak. Beraien egitekoa zamaltzaina zikiratzea da. Nagusiak morroiari agintzen dio lana, baina honek ez du lortzen, eta beraz, Pitxuri egiten dio enkargua (Hou Pitxu, houuu!!!). Pitxuk kantiniersa harrapatzen du zamaltzaina beharrean, eta burua gonapean sartzerakoan ohartzen da hor ez dagoela zer zikiraturik. Azkenean kerestu morroiak zikiratzen du Zamalzaina.

- Xorrotxen ofizioa. Txorrotxek Jaunaren ezpata zorroztu behar dute. Morroiak ez du jaunaren ezpata zorroztea lortzen. Pitxu kontratatu eta hau saiatzen da, baina alperrik, eta azkenean morroiak egiten du lana, eta nagusiarekin batera kantatuz bukatzen dute ofizioa.

- Buhameen ofizioa.  Buhameak Ijito moztaileek dira, hegoaldean "motsailak" moduan ezagutuak, lanbidez zaldien ilea mozten zutenak. Ezpata-dantza bat ematen dute eta Buhame Jaunak bere manhamentiak edo phedikua (hitzaldia) egiten du. Buhame jaunak ijitoen erregetzat du bere burua. Nomadak dira eta mundu osoan bidaiatu ondoren iritsi dira Zuberoara, eta beraz, pasatu dituen lurraldeetan ikusitako kontuak esaten ditu.

- Kauterek ofizioa. Kauterak ijitoak dira baita ere, baina kalderash (kaldereroak) taldekoak. Pertza eta lapiko konpontzaileak beraz. Beraien dantza berezia egiten dute eta Kabana Handiak bere predikua egiten du. Jaunak enkargatzen dien pertza konpontzea, eta hori eginik, ordaineko dirua bota eta dirua  hartzeko zalapartan Pitxu hilik suertatzen da. Kabanak bere testamentua irakurtzen du. Bedeziak (medikuak) ebakuntza larria egin eta Pitxu berpizten egiten du.