argia.eus
INPRIMATU
Ostiraletik gutxienez 55 pertsona hil dira eta 2.370 baino gehiago erreskatatu dituzte Kanariar Uharteetako migrazio-bidean
  • Astelehen arratsaldean gutxienez 478 pertsona erreskatatu dituzte Kanarietako uretan, eta asteburuan gutxienez beste 1.893 lagun artatu zituzten uharteetako salbamendu ontziek. Duela hiru aste Mauritaniatik pateretan abiatuta ihesi zetozen 48 pertsona hil dira gutxienez, elikatzeko eta hidratatzeko nahikorik gabe, eta uretara bota behar izan zituztela azaldu dute gainerako migratzaileek.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 05
Itsas Salbamendua migratzaileak erreskatatzen Cadizen Europa Press

Azaroko lehen hiru egunetan 55 pertsona hil dira Kanaria Uharteetarako migrazio-bidean. Azken egunetan Itsas Salbamenduak 2.370 pertsona inguru erreskatatu ditu Atlantikoan, Lanzarote eta El Hierro inguruko uretan batez ere.

Larunbatean, El Hierrotik 370 kilometro hegoaldera, Patria merkantzia-ontziak noraezean aurkitu zuen patera bat, eta Itsas Salbamenduari jakinarazi zion. Mauritaniatik zetozenen zeharkaldian, 48 pertsona hil ziren, eta haien gorpuak itsasora bota zituzten, bizirik atera zirenen azaldu bezala.

Igandean, beste ontzi pneumatiko bat hondoratu zen Lanzarotetik 90 kilometro ipar-ekialdera, eta Itsas Salbamenduak bost gorpu ateratzea lortu du. Ontzi bereko beste 17 bidaiari bizirik atera dira, salbamenduko hegazkin batek jaurtitako baltsa bati helduta. Erreskate berean, 80 pertsona artatu dituzte lehen hondoratzearen lekutik gertu dagoen beste txalupa pneumatiko batetik.

Hiru egunetan, Itsas Salbamenduak bai aireko langileak eta bai zazpi ontzitako eskifaiak mobilizatu ditu. Haien behin-behineko datuen arabera, asteburuan erreskatatutako migratzaileetatik 69 adin txikikoak dira. Astelehen arratsaldean beste 478 pertsona erreskatatu dituzte Kanarietan.