argia.eus
INPRIMATU
Astebeteko omenaldia, Didier Lafitte hil zutela 40 urte beteko direla oroitzeko
  • Martxoaren 1ean, Didier Lafitte Iparretarrakeko (IK) kidea hil zutenetik 40 urte igaroko dira. 22 urteko gazteari Frantziako Poliziak tiroz kendu zion bizia. Urtemugaren testuinguruan, omenaldi ekitaldiak antolatu dituzte otsailaren 26an hasita.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 14a

40 urte igaroko dira datorren martxoaren 1ean Didier Lafitte hil zutela. Didier gogoan omenaldia prestatu du Didieren Lagunak elkarteak. Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute, otsailaren 13an, Manu Irigoyen eta Terexa Mitxelena elkarteko kideek, Paxkal Lafitten ondoan, familiak ekimenarekin bat egiten duela adierazteko. Astebeteko omenaldia izango da, otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitarte, Ziburun eta Donibane Lohizunen.

“Bere memoriagatiko omenaldiak antolatu ditugu harrezkero, baina aurtengoan, bere desagerpenaren 40 urteak direla-eta, markatzea erabaki dugu, astebete iraunen duen omenaldiarekin”, azaldu du Manu Irigoyenek, Didieren Lagunak elkarteko kideak.

Lau ekitaldi handitan banatuko da omenaldia. Lehen hitzordua otsailaren 26an izango da,  21:00etan, Donibane Lohizuneko Le Select zineman: Generation Autonomistes Basques filma eskeiniko dute. Zine-eztabaida gisa antolatua, kazetari batek animatuko du filmeko hainbat protagonisten hitzartzea.

Ondoren, otsailak 28an, mahai-ingurua egingo dute Donibane Lohizuneko La Grillerie du Port ostatuan, 1980ko gazteria eta gaurkoa izenburupean. Horren bidez, antolatzaileek lehengo eta gaurko gazteak mahai baten inguruan elkartzea dute xede.

Omenaldia martxoaren lehenean izango da, erailketaren egunean. Duela 40 urte Didier Lafitte plaza gisa izendatu zuten horretan (Louis XIV), Donibane Lohizunen, 19:00etan. Bukaeran etorriko da hitzordurik garrantzitsuena, antolatzaileen esanetan. Izan ere, Arrantzale maitagarri eguna izaten da martxoaren 3a. 11:00etan Didier Laffite plazan bildurik omenduko dute berriz, egunerako espresuki sortu duten dantzaldi batekin, bertako dantzari gazteen eskutik. Ondotik, 14:00etan, bazkaria izango da Ziburun. Arratsaldean, pilota plazan, kontzertuak.

Didier Lafitte

Iparretarrak taldeko kide izan zen. Frantziako Poliziak Baionan hil zuen 1984ko martxoaren 01an. Erakunde armatuko bi kideren kontrako sarekadatik ihes egiten saiatzen ari zela tirokatu zuten. Donibane Lohizunekoa zen eta Frantziako Poliziak hildako lehen militante abertzalea izan zen.