argia.eus
INPRIMATU
Astebeteko grebari ekin diote Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetan
  • Bost egunetik hirutan manifestazioak egingo dituzte hiru hiriburuetan. ELAren arabera, jarraipena %70ekoa izan da lehen egunean.

ARGIA @argia 2023ko abenduaren 11
Gasteizen, eguerdian eginiko protestako irudia.

Hitzarmen berria exijitzeko, astelehenetik ostiralera greba egingo dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako langileek. ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek egin dute deialdia. Duela urte eta erdi abiatu zituzten negoziazioak Kristau Eskola eta IZEA patronalarekin, baina "borondate falta" salatzen dute. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin ere bildu ziren, baina bilkura horiek ere ez ziren aski izan.

Astelehen honetan piketeak egin dituzte goizean, eta eguerdi partean martxak abiatu dituzte hiru hiriburuetan. Manifestazio bateratu izaera hartuko duten hurrengo bi hitzorduak asteazkenean eta ostiralean izango dira, Bilbon.

Hezkuntza Saila: "Negoziazioa da bidea, ez greba"

Itunpeko ikastetxe erlijiosoetan "lehenbailehen" adostasuna lortzeko eskatu die sailburu Jokin Bildarratzek Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan. Grebak ikasleengan ondorio "oso kaltegarriak" izan ditzakeela adierazi eta iradoki du patronalen eta sindikatuen artean konpondu beharreko auzia dela, eta Jaurlaritzak parte hartzeko esparru "txikia" duela hor. Negoziazio "leial" eta "diskretua" eskatuta, grebaren aukera baztertzeko esan du.