Aurten ez dute nobela beltzaren asterik izan Baztanen, (H)ilbeltzaren antolatzaileek urtean zehar sakabanatu baitituzte jarduerak. Asteartean jakinarazi dutenez, baina, 2022an berriz egingo dute astebeteko (H)ilbeltza jaialdia.
COVID-19ak eragindako testuinguruak beren ohiko funtzionamendua moldatzera behartu ditu (H)ilbeltzako antolatzaileak ere. 2015ean jaialdia antolatzen hasi zirenetik errepikatutako formatuarekin hautsiz, aurten ez dute nobela beltzaren asterik egin, eta horren ordez urtean zehar sakabanatu dituzte antolatutako jarduerak. Asteartean jakinarazi dutenez, baina, 2022ean berriz itzuliko dira lehengo formatura. Urtarrilaren 24tik 30era gauzatuko da (H)ilbeltzaren VIII. edizioa Baztanen. Egitarauak askotariko jarduerak barnebiltzen ditu –solasaldiak, liburu aurkezpenak, mahai inguruak, itzuliak eta beste–, eta Arizkun, Aniz, Elizondo, Erratzu eta Irurita herrietan gauzatuko dira.
2020ko (H)ilbeltza bekaren irabazle Koldo Bigurik emango dio hasiera egitarauari, urtarrilaren 24ko astelehenez. Bigurik solasaldia eskainiko du Arizkungo Medikuaren Etxean, eta Massimo Carlotto idazle italiarraren Arrivederci amore, ciao eleberriaz arituko da. Hizpide izango duen lana euskaratzeko proiektuarekin irabazi baitzuen beka.
Asteazkenean, urtarrilak 26, izango da hurrengo jarduera. Beñat Hach Embarekek Euskal gaizkileak podcast-aren inguruko hitzaldia eskainiko du Arizko elkartean. Zuzeu agerkari digitalak sortutako podcast-aren zuzendaria da Hach Embarek, eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin batera egiten dute saioa. Euskal Herrian gertaturiko krimenak fikziora eramanda kontatzen dituzte.
Ostiralean, hilak 28, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean beste solasaldi bat egingo da. Marga Andurain abenturaren gurpilean izeneko hitzaldiaren bitartez, Baionako Marga Andurain abenturazaleari buruz hitz egingo du Ainize Madariaga kazetariak.
Asteburua, berriz, jardueraz mukuru dator. Larunbatean, Hondar ahoak telesaila hizpide, Beltzak Argitara. Hondar Ahoak (H)ilbeltzan mahai ingurua egingo da goizez Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Marian Fernandez telesailaren ekoizlea eta Koldo Almandoz zuzendaria izango dira hizlariak. Erratzuko elkartean bazkaltzeko tartea hartu ostean, aldiz, Itxaro Bordaren Euri zitalari esker liburua aurkeztuko da, Ane Gartziaren gidaritzapean. Eta eguna amaitzeko, Susmagarrien gaua egingo dute Erratzun barrena.
Igandean emango diote itxiera jaialdiari. Goizean Lubakietako oroiminak izendatu duten itzulia egingo dute Iruritan. Arratsaldean Elizondoko Arizkunenea kultur etxean egingo den emanaldiak borobilduko du egitaraua; literatura eta musika batzen dituen Frankenstein agurgarria emanaldia eskainiko dute Pettik eta Ana Galarraga Aiestaranek.