argia.eus
INPRIMATU
Asteazkenetik hona hiru langile hil dira Euskal Herrian
  • Arriben, Muxikan eta Funesen gertatu dira lan istripuak. Azkena izan da Arribekoa, astelehen honetan gizon bat zortzi metrotik erorita hil ostean.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 15
Arribeko istripuaren etxebizitza. // Argazkia: Foruzaingoa

42 urteko langile bat hil da Arriben. 2024ean Euskal Herrian hiltzen den bosgarren langilea izan da. Foruzaingoak jakinarazi duenez, zortzi metroko altueratik erori da etxe batean lanean zebilela. Larrialdi zerbitzuak istripuaren lekura bertaratu dira 09:00ak aldera, baina gizona hilda zegoen ordurako. Autopsia egitera bidaliko dute gorpua, Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura.

Igandean, berriz, 55 urteko langile bat hil da Muxikan, traktorearekin lanean zebilela. Larrialdi zerbitzuak istripuaren lekura bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du istripua Ormaetxe auzoan gertatu dela, 15:15etan. Ertzaintzak kasuaren inguruko ikerketa zabaldu du.

Bost hildako urtea hasi zenetik

Muxikakoa eta Arribekoa izan dira aurtengo laugarren eta bosgarren lan heriotzak. Lehenbizikoak Santurtzin eta Trapagaranen izan ziren iragan asteartean. Hirugarrena asteazkenean gertatu zen, Funes herrian. 44 urteko gizonezko bat auto istripuan hil zen, bere ibilgailua bidetik irten, irauli eta barruan harrapatuta geratu ostean. Larrialdi zerbitzuek gizona autotik ateratzea lortu zuten, baina ezin izan zuten ezer egin gizona suspertzen saiatu ziren arren.