argia.eus
INPRIMATU
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan
  • Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan, adibidez.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 04a

Espainiako Osasun Ministerioko iturriek baieztatu dutenez, asteartean onartu dute osasun-zentroetan, ospitaleetan, farmazietan eta zentro soziosanitarioetan musukoak erabiltzeko betebeharraren amaiera ematen duen Errege-dekretua. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean sartuko da indarrean, beraz, asteazkenean izatea aurreikusten da.

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzean, beraz, musukoa derrigorrezko izatetik gomendioa izatera pasako da. Hala ere, zenbait osasun-gunetan beharrezkoa izaten jarraituko du, hala nola zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza-geletan edo larrialdietan.

Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko adituen txosten teknikoa aztertu ondoren hartu da erabakia, eta honekin, hiru urte baino gehiago iraun duten pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketa guztiak amaituko dira Hego Euskal Herrian.