Kike Amonarrizek “euskarari egindako ekarpena” sarituko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bi urtean behin Anton Abbadia saria banatzen du, euskararen alde diharduten pertsona nahiz erakundeen lana aitortzeko, eta aurten soziologo eta aurkezle tolosarrari emango dio. Sari banaketa asteazken iluntzean egingo da, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan.
Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarren esanetan, euskara mezu “baikor eta umoretsuekin” lotuta hizkuntzaren bizitasunari “ekarpen handia” egin dio Amonarrizek. “Landu dituen esparru guztiek euskara izan dute ardatz, eta bereziki gazteei begira erakutsi du euskara erabilgarria eta dibertigarria izan daitekeela”.
Irizarrek argitu duenez, tolosarrak soziolinguista gisa egin dituen lanen “sendotasuna” eta euskara sustatzeko egindako telebista saioen “arrakasta” hartu ditu kontuan epaimahaiak.
Umorea eta euskaltzaletasuna uztartu ditu
Euskal Filologia ikasitakoa, hasieratik heldu zion umoreari Amonarrizek. 1980an ARGIAn umorezko artikuluak egiten hasi zen, eta ondoren, bi urte geroago, bertan txisteak argitaratzeari ekin zion. Geroztik Amonarrizen txisterik onenak biltzen dituzten hainbat txiste-liburu plazaratu ditu ARGIAk –Arpa jotzen, Txorakikeriak eta Azken txorakikeriak, kasu–.
Txiskola telebista saioa ere umorearen bidetik sortu zuen, eta azken urteotan Mihiluze, Tribuaren Berbak eta Buru Bero saioetan aritu da.
Euskararen inguruko hainbat forotan ere parte hartutakoa da. Egun Topagunearen barruko Topalabea taldeko kide da –honek egindako Berrikasi eta berrikusi gogoeta txostenaren egileen artean dago tolosarra–.