argia.eus
INPRIMATU
Asteazkenean hesia gainditu zuten 116 migratzaileak Marokora kanporatu ditu Espainiak, 1992ko akordio bat erabilita
  • Migratzaileen uholdea geldiarazteko saiakeran beste urrats bat eman du Espainiako Gobernuak: Marokorekin 1992an sinaturiko akordio bat erabili du asteazkenean Ceutako hesia gurutzatu zuten 116 migratzaileak modu kolektiboan eta berehalakoan kanporatzeko.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 23a

Asteazkenean migratzaile talde handi batek Maroko eta Espainia harteko hesia gainditzea lortu zuen eta Ceutako etorkinentzako gunean zeuden. Espainiak 1992an Jose Luis Corcuera ministro zela Marokorekin sinaturiko akordio bat baliatu du, herrialde hartako gobernuarekin hitz egin ondoren, migratzaile horiek berriz ere "Marokora itzultzeko.

Migratzaile gehienak ez dira marokoarrak, beste herrialde batzuetakoak baizik, baina hori ez da eragozpena izan berehalako kanporatzea agintzeko.

Sekretupean

Uztailean izandako beste sarrera masibo baten ondoren jarri zen harremanetan Espainia Marokokoarekin kontaktuan, 1992ko akordioa ezarriko zuela jakinarazteko, eta honek onartu egin zuen. Biek gobernuek sekretupean izan dute hilabete osoan erabakia. Hala, bart gauean ospakizunean zeuden migratzaileak, ostegun honetan ezustean harrapatu ditu aginduak Ceutako zentroan.

Migratzaileen eskubideen aldeko aktibistek alarma piztu dute, neurria legez kanpokoa dela azalduz. Helena Maleno kazetari eta ekintzaile ezagunak gogorarazi du Nazio Batuen Erakundeak debekatuta dituela kanporatze kolektiboak.

Bestalde, ez dituzte adingabeak identifikatu, ezta nazioarteko babesa eskaturik dutenak ere –jatorriko herrialdean dituzten arazo politiko eta sozialak kontuan edukita–. Horrez gain, itzultzaileak izateko bermerik ez dute izan jendeok, eta ondorioz ezin izan dute zuzenean jakin prozedimentua zein izan den. Sare sozialetan azpimarra egin dutenez, giza eskubideak sistematikoki urratzen dituen Marokora eraman dituzte pertsona horiek guztiak.