argia.eus
INPRIMATU
Asteazkenean Gasteizko osasun zentroen aurrean kalitatezko osasungintza sistema publikoaren alde mobilizatu ziren
  • Deialdi herritar batek dozenaka lagun elkartu zituen Gasteizko osasun zentroen aurrean kalitatezko osasun sistema publiko bat aldarrikatzeko. Azaroaren 4an eta 11n ere mobilizatzeko deia zabaldu dute.

Hala Bedi @halabedi 2020ko urriaren 29a
Urriaren 28an elkartu ziren Gasteizko hainbat auzotako osasun zentroen aurrean. Argazkia: Hala Bedi.

Kalitatezko osasun sistema publiko bat aldarrikatu dute herritar ugarik Gasteizko Olagibel, Olarizu eta Lakua osasun zentroen aurrean. “Beste eredu bat beharrezkoa dela” aldarrikatu dute.

“Langileak nekatuta eta baliabiderik gabe eta herritarrak arreta duinik gabe” aurkitzen direla azaldu dute mobilizazioen deitzaileek. Horregatik baliabide eta inbertsio gehiago eskatu dizkiete instituzio publikoei. Murrizketak eta pribatizazioak etetea ere eskatu dute.

Azaroaren 4an eta 11n mobilizatzeko deia luzatu dute, arratsaldeko 19:00etan Olagibel, Olarizu eta Lakua osasun zentroen aurrean. Ostegunez greba egingo dute Osakidetzako langileek.