argia.eus
INPRIMATU
Selektibitatea hasi dute EAEko 11.000 ikaslek
  • Asteazkenean goizeko bederatzietan hasi dira unibertsitatera sartzeko hautaprobak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoatik, 11.251 ikasle aurkeztu dira guztira.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko ekainaren 06a
Ikasleak selektibitatean (Iturria: Naiz.eus)

Asteazkenetik ostiralera bitartean egingo da selektibitatea eta ikasleek hainbat azterketa egin beharko dituzte. Selektibitatera joango direnetatik, 10.447 ikasle batxilergoa bukatu berri dutenak dira; ostera, lanbide heziketa egin dutenak dira beste 804. Iazko selektibitatera baino %5,5 ikasle gehiago aurkeztu da aurtengora.

Euskaraz eta erdaraz egin daiteke azterketa eta aurten 7.793 ikasle dira euskaraz arituko direnak; beste 3.458k egingo dute erdaraz.

Euskal Herriko Unibertsitateak, hiru egun hauetarako, protokolo bat jarri du martxan desgaitasun edo beharrizan berezia dutenentzat.

Nafarroan asteartean hasi zuten selektibitatea 3.104 ikaslek. Horietatik 834k egingo dute euskaraz azterketa.

IAk kontzentrazioak deitu ditu selektibitatearen aurka

Ikasle Abertzaleak kritiko agertu da selektibitatearekin. “Kapitalismoak bizirik jarraitu eta indartzeko burgesiak daukan beste mekanismo bat da selektibitatea” adierazi dute eta arrotza egiten zaiela “bertako zein atzerriko burgesiaren nahi eta beharrak asetzeko asmatu eta diseinatuta dagoelako”.

“Selektibitateari ez” lemapean, Hego Euskal Herriko Unibertsitateetan kontzentrazioak deitu dituzte asteazkenean. Bertan dituzue mobilizazioen ordutegiak:

- DONOSTIA: Ibaetako Campusa, 13:00etan Aulario aurrean.

- LEIOA: Leioako Campusa, 11:00etan Mikel Laboa plazan.

- BILBO: San Mames, 13:00etan sarrera nagusian. Sarriko, 13:00etan sarreran

- GASTEIZ: Gasteizko Campusa, 13:00etan Elurretan.

- IRUÑEA: NUP, 12:30etan Liburutegiko plazan.