argia.eus
INPRIMATU
Asteazkenean abiatuko da Gazte Topagune Sozialista Durangon, “komunitate politikoa sendotzeko” asmoz
  • Bost eguneko egitarauan “lanketa politikorako eta aisialdirako aukera zabala” eskaini dute. Durangon egingo da aurtengo edizioa uztailaren 20tik 24ra artean.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 14a
Gazte Topagune Sozialistaren aurkezpenetako bat. Argazkia: Gazte Koordinadora Sozialista, @GKSozialista Twitterren.

Ikuskizunak, kirol jarduerak, tailerrak, kontzertuak, solasaldiak eta abar aurkeztu dituzte 2022ko Gazte Topagune Sozialistaren egitarauan. Durangon antolatu dute aurten bost eguneko Topagunea. Topagunearen III. edizioa formakuntza politikorako eta aisialdirako espazioa izango dela adierazi dute, komunitate politikoa sendotzeko helburua ere baduena.

Ekainaren 22an, ostiralean, borroka ideologikoaz eta kulturalaz arituko dira, “gizarteko esparru ezberdinetan komunismoa hegemoniko bihurtzeko bide posibleez, eta horretarako izan beharreko estrategia politikoaz”. Ekainaren 23an, larunbatean, 18:00etan Landako Gunean egingo duten ekitaldi politikoan, mugimendu sozialistak egungo koiuntura ekonomiko eta politikoaz egiten duen irakurketari buruzko hainbat tesi plazaratuko dute.

Topagunea iragarri eta girotzeko J Martina taldeak prestatu duen Mailu honen zarata abestia kaleratu dute. Bost egunetako egitarau osoa ikusteko eta sarrerak erosteko aukera GKSren webgunean dago.